INFO

Altsasuren aldeko adierazpena onartu eta Nafarroarekiko errespetua eskatu du Gobernuak

Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzionala onartu du, azaroaren 4rako herri horretan Ciudadanos alderdiak antolatu duen ekitaldiaren harira. Altsasu «desberdinen arteko elkarbizitzaren herria» izan dela nabarmendu eta Nafarroarekiko errespetua aldarrikatu du.

Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria, ekitaldi instituzional batean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionalak, igandean España Ciudadana plataformak deitu duen ekitaldiaren harira –PP eta Vox ere batu zaizkio–, «proportzionaltasuna eta erantzukizuna» eskatu du eragile politikoen «baieztapen eta ekintzetan», eta «askatasunaren defentsa, pluraltasuna eta zintzotasuna ezaugarri dituen Nafarroako herriarekiko errespetua» aldarrikatu du.

Gobernuak Altsasuren eta «hedaduraz Nafarroaren erabilera okerra» errefusatu eta salatu du, «gainditu beharreko arerioaren irudia berreskuratu eta behin-betiko baztertu beharko genituzkeen iraganeko muturreko jarreretara bultzatzen gaituzten diskurtsoetan».

Gogora ekarri du Altsasuko historia ez dela 2016ko urriaren 15ean hasi edo eteten, eta Altsasu historikoko «desberdinen arteko elkarbizitzaren herria» izan dela azpimarratu du. «Garraiobideen arteko lotura-gunea izanik eta industrian nahiz trenbide arloan izandako hazkundea dela bide, pluraltasuna eta aniztasuna herriaren bereizgarri bilakatu dira».

Horrekin batera, bertako gizartea «arras ekintzailea» dela dio adierazpenean, «eskualde hau indar handiz astindu duen azken urteotako krisi ekonomikoari aurre egitean frogatu duen bezalaxe, elkarbizitzan oinarrituta aurrera atera diren etorkizunerako alternatibak eraikiz».

Bertako herritarren konpromiso sozialaren balioa «eredugarria» dela uste du, «ez bakarrik izaera sozialeko proiektuetan, baita gaixotasun mentalen arretan eta bestelako esparruetan erreferente bihurtu diren proiektuetan ere».

Herriaren «argazki finkoak» bilatzekotan, Altsasu pasa den urtarrilaren 6an, errege gauean, «elurretara abiatu zen herria» izan zela gogoratu du, «errepidean harrapatuta zeuden ehunka pertsona erreskatatu, lagundu eta babesteko».

Hori guztia kontuan hartuta eta adierazpen askatasunaren «defentsa irmoan» oinarrituta, Nafarroako Gobernuak dei egin dio Altsasuko gizarteari bereziki eta Nafarroakoari, oro har, «zeinahi neurrigabekeriaren aurrean, duintasun adimendunean, heldutasun demokratikoan eta gizalegean funtsaturiko erantzuna eman dezan».