INFO

Altsasuko auziaren inguruko jardunaldiak ospatuko dira Iruñean azaroaren 16 eta 17an

Heldu den azaroaren 14an bi urte beteko dira Altsasuko gazteak atxilotu zituztenetik eta hori dela medio, Altsasukoak Aske eta Altsasu Gurasoak plataformek kolektibo desberdin eta pertsonalitate esanguratsuekin batera jardunaldiak antolatu dituzte Katakrak eta Gaztelu Plazan.

Azaroaren 16 eta 17an, Altsasuko gazteen auziarekin lotutako egitasmo ezberdinak egingo dituzte. (Altsasu Gurasoak)

Azaroaren 16an, ostiral arratsaldez, Katakraken, hausnarketarako bi gune osatuko dituzte. Lehenengoa, gazte-taldeek zuzenduko dute Altsasu auzia delakoa aztertuz eta etorkizunari begira, epe ertain eta luzera, nola helduko dioten. Bigarrena, eragile sozialek osaturiko mahai-ingurua ospatuko da, non partaideek «jendarteak auziari emandako erantzuna eta kaleetan dagoen sentsibilizazioa» aztertuko duten. «Jurista esanguratsuek» hartuko dute parte eta hurrengo astean partaide guztien izenak iragarriko dituzte.

Azaroaren 17an, goizez eta Katakraken ere, beste mahai-inguru batek auzia ikuspegi juridikotik aztertuko du: hastapenak, gazteak Auzitegi Nazionalera bidaltzearen ondorioak, irregulartasunak eta prebentzio-kartzelaren abusua. Ondoren, kazetari ezagunek auzia komunikatiboki nola jorratu den eta horren guztiaren ondorioak aztertuko dituzte. Bestalde, larunbat arratsaldez, Europa mailan «auzia nola lantzen ari den» aztertuko dute.

Bitartean, azaroaren 16an, arratsaldez, eta 17an, egun osoz, Gazteluko Plazan dinamika desberdinak gauzatuko direla iragarri dute: azkeneko bi urteetako informazio-gunea, materiala eta gazteen egoeraren inguruko «performancea» egingo da. Bel Pozuetak eta Idoia Goikoetxeak azaldu dutenez, ziega bat irudikatuko da eta, 12 orduz, ordu erdiko egonaldiak antolatuz, pertsona ezbedinek okupatuko dute. Denetara, 24 lagun sartuko dira ziegan, «gure semeek daramaten adina hilabete».

Aldi berean, erakusketa batek plazako kioskoa inguratuko du, non prozesuaren une garrantzitsuenak islatuko diren. Ostiral gauean, halaber, azkeneko bi urtetako irudien proiekzioa eta kontzertu bat ospatuko dira. Bukatzeko, 17an, arratsaldeko 17:00etan Gaztelu Plazan, elkarretaratzea iragarri dute, «injustizia salatu eta zazpi altsasuarrendako askatasuna eskatzeko».

Vox, Ciudadanos eta PPren ekitaldia

Azaroaren 4an Ciudadanos, Vox eta PP alderdiek antolatu duten ekitaldiaren harira, Pozuetak «erantzun zentzuduna» espero duela azaldu du, «interes politikoa» lortzera etorriko direnen aurrean. Gainera, konfrontazioa saihestuko dela iragarri du, momentu kritikoak «gehiago elkartzeko» balio izan direlako.

Gazteen egoera juridikoaren inguruan, Pozuetak Auzitegi Nazionalean aurkeztutako errekurtsoaren eta epaimahaiaren bi kideen errekusazio eskaeraren esperoan daudela azaldu du.