‘Pasaiako badia’ dokumentala, ikusgai
Dokumentala estreinatu zenetik urtebetera, sarean ikusgai jarri dute ‘Pasaiako Badia’ dokumentala.
1984ko martxoaren 22an Pasaiako Badian jazotako gertaerak ditu oinarri Pasaiako Badia dokumentalak. Bertan, poliziak Pedro Mari Isart, Dioni Aizpuru, Jose Mari Izura eta Rafael Delas hil zituen. Dokumentalean hildakoen senideek, abokatuek, testiguek, Paco Etxeberria mediku forentseak eta Karlos Garaikoetxea lehendakari ohiak parte hartzen dute, besteak beste.
Argitara eman eta urtebetera filmaren bertsio guztiak igo dituzte sarera. Euskarazko bertsioa, EiTBren web orrialdean ikus daiteke, eta gazteleniazko, ingelesezko eta frantzesezko bertsioak, berriz, youtube-ko Oinatzak Produkzioaken kanalean. Azaldu dutenez, laster germanierazko azpidatziak ere gehituko dizkiote dokumentalari.
Oinatzak Produkzioakeko kideek dokumentalak izandako «harrera ona» azpimarratu dute komunikabideetara bidalitako oharrean. Pasa den ikasturtean 60 emanaldi baino gehiago eskaini zituzten, tartean Herrialde Katalanetan, Madriden eta Andaluzian. Gainera, ETB1en eskainitako emanaldiak audientzia datu onak izan zituen, ohizko audientzia datuak bikoiztuz. Dokumentalarekin, Pasaiako kasua gizarteratzeko aletxoa jarri dela uste dute egileek. Dena den, «asko dago egiteko oraindik, ez baita ez justiziarik ez errekonozimentu ofizialik egon», salatzen dute oharrean.
Estreinalditik urtebete pasata, dokumentalarekin Pasaiako kasua lau haizetara zabaltzen jarraitzen dutela adierazu dute. Horren adibide, azaroaren 15 eta 16an Madrideko bi aretotan eskainiko dute dokumentala, eta azaroaren 27an, berriz, Berlinen.