Euskal hiztunen aktibazioan inplikatzeko deia egin dute EAEko erakunde nagusiek
Abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, eta ostiralean abiatuko den Euskaraldiarekin estu loturik, euskal hiztunen aktibazioa aldarrikatzen duen adierazpena sinatu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde nagusietako ordezkariek.
‘Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia’ izenburupean, Lakuako, hiru aldundietako, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletako, Eudeleko eta UEMAko ordezkariek erakunde adierazpen bat sinatu dute astelehen honetan, datorren abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta.
Lakuako Gobernuaren egoitzan egin dute ekitaldia eta bertan euskal hiztunak aktibatzeko deia egin dute Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako erakunde nagusiek, «egunero delako euskararen aldia».
«Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu», adierazi dute.
Aurtengo adierazpena Euskaraldiarekin estu lotuta dagoela nabarmendu dute; ostiralean hasiko da, hilak 23, eta luzatu egingo da, hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den egunera arte.
«Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra», esan dute.
Hiztunen aktibazioaren aldeko apustu horretaz gain, euskararen inguruko adostasuna aldarrikatzen du testuak. «Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskarak batura behar duelako, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa», dio adierazpenak.
Honako hauek izan dira ekitaldian parte hartu duten ordezkariak: Miren Dobaran, Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordea; Pilar García de Salazar, Ekonomia Garatzeko eta Lurralde Orekarako diputatua Araban; Ana de Castro, Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendaria; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Iñaki Prusilla, Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotzia; Mari Jose Arrieta, Bilboko Udaleko Euskarako zuzendariordea; Xabier Euzkitze, Donostiako Udala ordezkatuz; Koldo Iturbe, Getxoko Udaleko Kulturako zinegotzia, Eudel ordezkatuz; eta Josu Labaka, UEMAko presidentea.