Paper baten bueltan hamaika ilusio
Donostiarrek etorkizunean nolako Euskal Herria nahi duten adierazteko aukera izan zuten atzo. Erabakitzeko eskubidea praktikara eraman zuten herritarrek, botoa eskuan eta irribarrea ahoan. Galderak ospatuz eta erantzunak osatuz, giro alaia sortu zen Gure Esku Dagoren hauteslekuen bueltan.
Gure Esku Dagok antolatutako herri galdeketa goizeko bederatzietan abiatu zen atzo Donostian. Ordu horretarako, hiri osoan banatutako 37 hauteslekuetako batzuetan sortuak ziren Euskal Herriko estatus politikoaren inguruan erabakitzeko irrikaz zeuden pertsonek osatutako ilarak. Etorkizuna margotzeko xedez pintzelak banatu asmo zituen galdeketak; bada, Egiako hautetsontzia estreinatu zutenak bi margolari izan ziren: Laura Esteve eta Arantxa Arratibel.
Goizeko lehen orduetan, presarik gabe baina gelditu barik bete ziren pixkaka-pixkaka auzoz auzoko hautetsontziak. Tantaz tanta, behinola ziotenaren gisara, olatua sortzen.
Galdeketa Donostiara eramatea ez zen erronka makala izan Gure Esku Dago eta Donostia Galdeketa plataformentzako. Ibaetatik Altzaraino, 16 urtetik gorako 160.457 pertsona zeuden deituta botoa emateko, eta milatik gora boluntario behar ziren tamainako ekitaldia kudeatzeko. Donostiarrak eta kanpotik etorritakoak inplikatu ziren, eta lortu zituzten. «Horrek esan nahi du zerbait», zioen Saioa Bandres Bulebarreko hauteslekuan lanean ari zen boluntarioetako batek. «Ilusioz eta gogoz beterik» hartu zuen ardura, eta hala sumatzen zen hiriko giroa ere.
Nazioarteko begiraleak, Kataluniako ordezkaritza zabala tartean, galdeketa babestera joan ziren Donostiara, eta programa informatiko batekin egindako botoen zenbaketa zuzena eta tranparik gabekoa izan zedin, Berme Batzorde bat aritu zen lanean.
Baina, erantzunak bainoago, galderak zuen garrantzia atzo, eta honek halabeharrez atzetik dakarren ariketa demokratikoak. Atzo erantzun beharrekoa ondorena zen: «Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?». Belaunaldi askori eragiten dien galdera da, demostratu zen bezala. Hamasei urtekoek eman zuten botoa, eta baita 94 urteko andre batek ere, Egian. Zenbait haurrek gurasoek utzitako botoa sartu zuten hautetsontzietara, egun garrantzitsu baten parte sentitzeagatik pozarren.
Izan ere, gazte eta helduentzako, oinez, bizikletan edo gurpil aulkian botoa ematera kalera atera zirenentzako, ilusioz eta pozez bizitzeko eguna izan zen, eta eguerdiko orduak gerturatu ahala, jai giroa nagusitu zen Donostian.
«Elkartasunetik elkarlanera»
Eguerdian, nazioarteko begiraleek adierazpenak egin zituzten prentsaren aurrean, eta horren ostean, Anjel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramaileak agerraldia egin zuen Bulebarrean.
«Galdeketak lotesleak eta ofizialak izango ez badira ere, gaurkoa pauso esanguratsua eta eraginkorra da aurrerago sor daitezkeen agertokiei begira, eta entsegu garrantzitsua gure herriaren etorkizuna erabakitzeko balioko duen erreferendumerako», esan zuen. Kataluniari erreferentzia eginez, esan zuen «elkartasunetik elkarlanera igarotzeko bidea iritsi dela».
Oiarbideren agerraldiaren ostean, Bulebarretik Konstituzio Plazara joan zen jende andana, eta bertan, batzuek botoa ematen zuten bitartean, dozenaka lagunek larrain dantza dantzatu zuten, eta tanta, une batez bederen, olatu egin zen.
Aurpegi ezagunak
Gizarteko ordezkari ugarik parte hartu zuen galdeketan. Eneko Goia Donostiako alkateak Antiguan eman zuen botoa, eta haren alderdikide Bakartxo Tejeria legebiltzarkideak eta Miren Azkarate sailburu ohiak ere parte hartu zuten galdeketan. EH Bildutik, besteak beste, Reyes Carrere hiriko alkategaiak, Nerea Kortajarena legebiltzarkideak eta Olaia Duarte zinegotziak eman zuten botoa.
Politikaz aparteko aurpegi ezagunen artean, aipagarriak dira Joan Mari Irigoien idazlea, Jesus Mari Zamora futbolari ohia, Ramon Agirre aktorea eta Mariano Ferrer kazetaria.