INFO

Berrikuntza ugarirekin dator 53. Durangoko Azoka

Gaur hasiko dira Landako Gunea euskal kulturgintzaren plaza bilakatzeko lanak. Abenduaren 5etik 9ra, bost egunez 247 stand hartuko ditu hainbat berrikuntzekin datorren 53. Durangoko Azokak.

Durangoko Azokaren aurkezpena, Landakon. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Aniztasuna eta berrikuntza. Horiexek dira gaur goizean Durangoko Azokaren aurkezpenean antolatzaileek bolo-bolo erabili dituzten hitzak. Izan ere, euskal kulturgintzaren plaza osatzen duen espazio bakoitza ekarpen eta proposamen berriarekin dator aurten. 

Gerediagako Nerea Mujika izan da hitza hartzen lehena, datu orokorrak zerrendatzeko: abenduaren 5etik 9ra ospatuko da Azoka eta, ohi denez, «azken hilabeteetan euskal kulturak utzitako uzta oparoaren isla» izango da 247 stand, 439 nobedade (304 liburu, 3 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta 23 bestelako), 200dik gora kultur ekitaldi eta 17 autoekoizleen bidez (aurreko urteetan baino bat gehiago). Sortzaile berriei ere leku egingo die aurten Azokak, Sormen Bekaren bidez: urterokoa izateko jaio den beka honek euskarazko kultur produktu baten sorkuntza lagunduko du eta, Mujikaren hitzetan, «oso pozik» daude antolatzaleak, 28 proposamen aurkeztu baitira lehen deialdira. Irabazlearen izena Landakon bertan emango da, abenduaren 9an, eta 2019ko Azokara arte itxaron beharko da «Sormen Bekaren lehen emaitzaz gozatzeko».

Ia 600.000 euroko aurrekontuarekin –iazkoaren antzerakoa–, Azokak egiten duen ekarpena handia dela ere nabarmendu nahi izan du Mujikak: «Alde batetik euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta, bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona». Hori esanda, Mujikak Azokako espazio ezberdinetako kudeatzaileei eman die hitza, 53. ediziorako dituzten proposamen eta berrikuntzak aurkezteko.

Irudienea indartsu

Indartsu dator Irudienea, ikus-entzunezkoen plaza. Euskal zinemagintzak azken urteetan izan duen zabalkundea bultzaka dator Azokara eta, Zugaza zineman egongo den espazio honetan, 11.00tatik 21.00etara ikus-entzunezkoen aurkezpenak izango dira: sortzaileak, aktoreak, zuzendariak… pasako dira bertatik, euren azken lanak eta argia 2019an ikusiko dutenak aurkeztera, tartean ‘Gu, Laboa’, ‘Gure oroitzapenak’, ‘Muga deitzen da pausoa’, ‘Soinujolearen semea’ edo ‘Margolaria’. Azken hiru film hauen aurre-estreinaldiak ere hartuko ditu Irudieneak (gonbidapen bidez), baita Koldo Almandozen ‘Oreina’ filmean (Irizar Saria aurtengo Zinemaldian) oinarritutako hiru film labur eta Telmo Esnalen ‘Dantza’ filmean oinarritutako serie dokumentalaren lehen lanaren estreinaldia ere. 

Ahotsenean aniztasuna

Ehun eskaeratik gora izan dira aurten hamaika urte beteko dituen Ahotsenean parte hartzeko eta, horietatik, 70 kontzertu eta 42 solasaldi eskainiko dituzte. Lehen diskoarekin datozen taldeak, ibilbide luzekoak, popa, trapa, elektronikoa, bakarlariak… «aniztasuna» ez dela faltako ziurtatu dute, ezta solasaldietan ere: musika, literatura, komikigintza eta bertsolaritza izango dira mintzagai nagusiak.

Plateruena formatu handian

Ahotsenea itxita, Plateruenan jarraituko du musika eskaintzak, formatu handiko kontzertuekin. Huntza (5), Esne Beltza (6), Modus Operandi (7), Anestesia (8) eta Olatz Salvador (9, doan) izango dira protagonistak. Berritasun gisa, Azoka TBrekin elkarlanean, ‘Hautsi Bolumena’ musika saioa egingo da bertatik.

Azoka TB ibiltaria

Artistekin elkarriketak, zuzenekoak eta bideoklipak izango dira ‘Hautsi Bolumena’ saio berriaren zutoinak, baina ez da Azoka TBren nobedade bakarra: ibiltaria izango da aurten, eta gune ezberdinetan gertatzen dena kontatuko digute. Azokan bertan, webgunean (www.durangokoazoka.eus) eta tokian tokiko telebistetan emango dira ekoizpen propioko eduki hauek.

Szenatokia egunero

Antzerkiak eta dantzak duen oholtza honetan, egunero ikuskizun bat izango da, ikasle egunean ezik: abenduaren 5a antzerkigintza ezagutarazteko baliatuko dute. Hikaren ‘Txarriboda’ (6), Larruaren ‘Baserri’ (7), pieza laburren maratoia (8) eta Benetan Be-ren ‘Inondik inora’ (9) izango dira protagonistak.

Saguganbara bete-betea

Azken urteetako egitarau «anitzena eta beteena» iragarri dute. Sormen tailerrak, pailazoak, liburu aurkezpenak, tailerrak, jolasak, bertso saioak, musika ikuskizunak… eta, berrikuntza gisa, ahozkotasunari keinu eginez ipuin kontalarien maratoia izango da.

Kabi@ Landakora

Domoa utzi eta Landako Gunean bertan hartuko du aterpe aurten Kabi@k. Jolasmatika mahai jokoa eta hezkuntza formal eta informalaren arteko korapiloak (5), euskarazko bideojokoen eszena (6), Wikipedia proiektuak (7), proposamen anitzak ezagutzeko aukera (8) eta Uztaritz Beteluren erakusketa (9) izango dira ekimen nabarmenenak. Azken honetan, artista donostiarrak bere sorkuntzen eta adimen artifizialaren gaineko hausnarketa bideratuko du.

Areto Nagusian gogoeta

Sortzaileek, erakundeek zein gizarte mugimenduek Areto Nagusian izango dute euren proposamenak aurkezteko abagunea eta, Gogoetaren Plazan, abenduaren 6, 7 eta 8an hiru gai landuko dira: 68ko belaunaldia, sormena eta gaurkotasuna eta kultur transmisioa eskolan.

Garraio publikoaren sarea

Edukiak aurkeztuta, Mujikak Euskaraldiari keinu eginez hizkuntza ohiturak eraldatzeko deia egin nahi izan du eta, amaitzeko, azken berrikuntza eta horri lotutako eskaera ere egin du: Iurretako peajearen alboan aparkalekuak egokituko direla eta bertatik Landakora 20 minuturo eta doan autobusak izango direla iragarri du, 10.30etik 20.00etara. «Aprobetxatu egiten dugun lan hori ere –esan du Mujiak–; bost egun dituzu errutinatik atera eta Durangoko Azoka bakoitzak bere modura bizitzeko».