INFO

Lehen aldiz irabazi dio Eibarrek Real Madrili (3-0)

Lehen aldiz, eta nola gainera. Historiako lehen garaipena eskuratu du Eibarrek Real Madrilen aurka sekulako neurketa eginda. Goitik behera kontrolatu dute partida armaginek, arerioari inolako aukerarik eman gabe. [Neurketaren xehetasunak]

Eibarko jokalariak, gol bat ospatzen. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Sekulako neurketa egin dute armaginek, Real Madril ahalguztiduna guztiz menderatuz. Gehiago izan dira joko-zelaian, askoz ere gehiago ez esatearren. Neurketaren erabateko kontrola izan dute, madrildarrak eurek nahi eran erabiliz.

Bizi-bizi hasi da neurketa, eta askorako eman dute lehenengo minutuek. 3. minutuan zutoinera jaurti du Kike Garciak eta 5.goan baliorik gabe utzi du epaileak Balek jokoz kanpo garbian zegoela sartutako gola.

16. minutuan iritsi da eibartarren lehenengo gola, Escalantek sartu duena. Cucurellak jarri du baloia area barruan, Kike Garciak egin du errematea eta aldaratzea aprobetxatuta egin du gola Escalantek. Hasiera batean epaileek gola balio gabe utzi badute ere, golak markagailuan igo behar zuela adierazi du VAR-ak.

1-0 iritsi da neurketa atsedenaldira, eta Real Madrilek ez du inolako arriskurik eraman Asier Riesgoren atera lehenengo 45 minutuetan. Hobeak izan dira ondorengo 45ak Eibarrentzat; suntsitu egin dute armaginek Real Madril bigarren zatian.

Sergi Enrich izan da Eibarren bigarren gola egin duena, neurketako 51. minutuan. Cucurellak egin du erdiraketa kasu honetan ere, eta zuzenean ate barrura egin du errematea Enrichek. Hirugarrena, gainera, segituan iritsi da. 56.an, Kike Garciak egin du behin-betiko 3-0ekoa, bide batez, Eibarrek Real Madrilen aurka lortutako lehen garaipena ziurtatuz.

Neurketa amaiera arte ezinean zebilen Real Madril bat ikusi da Ipuruan, Eibarren presioari muzin egin zin zion Real Madril bat.