Indarrean hasi dute Binakakoa Irribarria eta Zabaletak (15-22)
Hasi eta buka partidaren agintea izan dute Aramakoak eta Etxarrengoak. Elezkano-Rezustak, aldiz, defentsan eman dute partida guztia.
Lehiaketa aurkeztu zenetik begirada ia guztiak gaur Bergaran jokatu duten bi bikoteengan zeuden jarriak eta, maila hau mantentzeko gai izanez gero, Irribarria-Zabaleta bikoak txapeldun izateko txartel asko dituela berretsi du Bergaran jokatutako lehen partidan.
Azken hilabeteetan bere inguruan zenbait zalantza sortu diren arren, Iker Irribarriak lanean jarraitu duela erakutsi du Binakako lehen jardunaldi honetan eta bera izan da partidan gehien nabarmendu den pilotaria. Kolpez oso fresko agertu da, defendatu ere txukun egin du eta tantoa amaitzerakoan bikain aritu da aurrelari goierritarra. Gainera, Jose Javier Zabaletarekin oso bikote indartsua osatu du eta une oro aurkariak defentsan aritzera behartu dituzte.
Hala ere, kosta egin zaie markagailuan aldea egitea, batez ere, eurek pilatutako hutsen ondorioz. Partida erdi aldera Zabaletak makalaldi bat izan du eta lehia hamahiruna berdintzeko gai izan dira Elezkano eta Rezusta. Hala ere, atzelari nafarra pixka bat zuzendu bezain laster, ia zuzenean joan dira urdinak 22. kartoira.