Amestutako debuta izan du Mariezkurrenak Binakakoan
Artola eta Berriozarreko atzelariark erabat dominatu dute Tolosako partida eta txapelketako lehen liderrak dira (14-22).
Espero baino erosoagoa suertatu da Jon Mariezkurrenarentzat Binakakoan jokatu duen lehen partida eta Bengoetxea VI.a-Imazi 14-22 irabazita, Binakako txapelketaren lehen liderrak dira Berriozarreko atzelaria eta oso maila altuan aritu den Iñaki Artola.
Lau hilabete baino ez daramatza atzelari nafarrak profesionaletan, baina kantxan erabat dominatu du bere onenean ez den Ander Imaz. Ezkerrez zenbait zalantza erakutsi dituen arren, eskuinez sekulako pilotakadak jo ditu eta pilotazaleak oso gustura utzi ditu. Gainera, Iñaki Artolari ere oso fresko irten zaio pilota eskuetatik eta bien artean oiartzuarra etengabe zigortu dute.
6-7kora arte, partida berdindu xamar joan da, batez ere urdinek zenbait akats ere pilatu dituztelako, baina hortik aurrera ilehorien nagusitasuna erabatekoa izan da. Jokoa atzealdera kargatuz eta aukera sortutakoan Artolak bikain amaituz, min asko egin diete aurkariei eta saiatu den arren, Oinatz Bengoetxeak ez du partidari buelta emateko modurik topatu.