INFO

Agertokitik entzuleak sorgintzen zituen xamana

Mikel Laboak utzi gintuenetik etengabeak izan dira hari bere maisutasuna aitortuz argia ikusi duten proiektuak. Juan Kruz Igerabide eta Josu Larrinagarekin musikagileak kulturgintzan zein jendartean utzitako arrastoa dugu aztergai.

laboa

Este navegador no soporta el elemento video.


Mikel Laboak galtzaileen eta menderakaitzen ahotsa arnastu zuen, eta txorien kantu bihurtu, erresinulen maite-doinu, xoxoen sorgin-doinu eta txantxangorrien ahaire samin». Juan Kruz Igerabideren (Aduna, 1956) hitzak dira. Mikel Laboa Katedra zuzendu du lau urtez, Unibertsitatean erretiroa hartu duen arte. Katedrak sortutako web orrian (www.mikellaboa.eus) irakur daiteke poema. Donostiako Ibaetan EHUk duen campusean aurkitu dugu Juan Kruz Igerabide. Bertako langilea izan zen. Halaxe da Josu Larrinaga (Sudupe, 1964), Antropologia Soziala irakasten baitu Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, “Euskal musika kosmikoak. Euskal musika popularra gizartearen isla eta aldatzailea” (Baga-Biga) liburuaren egileak.

Biek izan zuten Laboaz agertoki gainean gozatzeko aukera. Igerabidek, gainera, harreman pertsonala ere izan zuen, Marisol Bastidaren, Mikel Laboaren emaztearen, lankidea izan baitzen.

«Despertsonalizazioa»

Xamanaren irudia datorkio Igerabideri hura agertokian gogoratzean. «Haren sorgin tramankuluak, hasieran, aulki xumea eta jarrera ziren. Jantzia oso diskretua izaten zuen, pertsona pertsonalitatearen atzean desagertuko balitz bezala. Eta bat-batean, izugarrizko indarra duen kantua ateratzen zen. Despertsonalizazioa gertatzen zen, ahotsa bera bakarrik ari balitz bezala. Trantze artistikoarekin zerikusia duen zerbait. Oso polita. Hori niretzat izugarria da artean. Nahiko nuke nik ere literaturan horrelako zerbait».

Larrinagak, beste ezeren gainetik, sotiltasuna nabarmendu du. «Bere modura eraikitzen zituen abestiak eta oso berezkoa, oso laboatarra dena, elementu gutxirekin kantua betetzen zuen. Soiltasunak eta sotiltasunak ematen dit atentzioa. Oso elementu eta tresna gutxirekin bere kantuak ematen du beteta dagoela. Nahikoa du gitarra eta txalaparta. Bere magiarekin betetzen du dena».

Hiru habe zituen musikari donostiarraren sormen ibilbideak: euskal abesti tradizionalen berreskurapena, beste poeten idazlanak bereganatzea eta abangoardia. Hiru iturrietatik edan zuen Laboak, ondoren bere galbahe partikularretik pasaz emaitza harrigarriak lortzeraino.

Tradizioari maitasun eta errespetu handia erakutsi zion Laboak. Hainbestekoa, urte luzez denboraren pisuaren harlauzaren azpian lo, kateatuta egon ziren kantuei “kateak” kendu zizkiela. Apurtu baino, askatu egin zituelakoan dago Igerabide. Hala nabarmendu du. «Apurtzailea izan zen, baina tradizioaren berrirakurketa egin zuen. Alegia, tradizioa erreskatatu eta osatu ere egin zuen, apurtzeaz gain. Lehengoa itxita utzi baino, askatu egiten zuen, baina lehengoa ere berarekin zeraman».

Bat dator Larrinaga. «Tradizioa era tradizionalean birsortuz gero oso ibilbide eskasa du, tradizioa beste modu batean erabili behar da. Eta horretan Laboa maisua da. ‘Haika mutil’ edo beste hainbat kantu abesten dituenean ez du egiten tradiziora hurbilduz. Ez du ohiko instrumentazioa erabiltzen, beste era batean hurbiltzen da. Txalaparta, gitarra edo trikitia erabiliko ditu, baina detaile moduan. ‘Bereterretxeren Kanthoria’ egiten du baina sintetizadoreak erabiliz, beti apurtxo bat harago doa», gaineratu du.

Hainbat poeten idazlanak ere bere egin zituen donostiar kantariak. «Pako Aristik Laboa hil ondoren gogoratu bezala, ez da kantautorea, ez du letra propiorik idatzi», gogoratu du EHUko irakasleak. «Autoreak musikatzeko garaian erabat librea da. Askatasun handia hartzen du. Autore gutxi batzuk hautatzen ditu, Brecht, Artze, Atxaga, Sarrionandia... eta bere mundura eramanez beste dimentsio bat ematen die, poetek eurek irudikatu ere ezin zezaketena», dio.

Igerabidek «holistikotzat» du Laboaren jarrera. «Autore zaharrak eta Bertold Brecht kantatzetik Atxaga eta Sarrionandia kantatzera pasa zen, eta gero gazteagoak».

Munduko abangoardia artistikoei adi zegoen. «Abangoardiako antzerkitik asko edaten zuen, abangoardiako jazzetik ere bai –ohikoa zen Donostiako Jazzaldiko kontzertuetan ikustea–. Eta hardcorea bezalako elementuak ere erabiltzen zituen, antza seme-alabei gustatzen zitzaielako. Azken diskoan Lisabörekin grabatu zuen kantu bat. Oso irekia zen». Larrinagak zera dio: «Sekulako inpaktua eta arrakasta zabala lortu du bere eskaintza oso erradikala eta ausarta izanik. Euskal Herria 60ko hamarkadatik hona tentsio horretan instalatuta egon da, tradiziozalea izan da baina era berean abangoardia politikoak, sozialak zein artistikoak maite izan ditu. Eta Mikel Laboa horren isla eta eragina da».

Arriskuari eskutik estu helduta bizi zen Laboa sormenari dagokionez. «Puntako musikari gazteekin –jazz mundukoak– aritu zen eta izugarrizko arriskua izan arren, hartu zuen», dio. «Donostia inguruko jazz musikariengana jo zuen –Iñaki Salvador haien artean–. Musikari haiek egin dituzten gauzarik arriskutsuenak Laboarekin egin dituzte. Beti ari zen arakatzen eta bilatzen», esan du.

Komunikazio bideak

Eta nola ez, etengabe komunikazio bide berrien bila. Larrinagak ez du berehalakoan ahaztuko Barakaldoko ikastetxe batean bizitako eszena. Areto txikia zen eta jendez lepo zegoen. Kontzertuan besoetako haur bat zegoen amarekin. Bat-batean hura oihuka hasi zen eta Laboak jarraitu egin zion. Bien arteko konbertsazioaren lekuko izan ginen!», gogoratu du irribarretsu.

«‘Lekeitioak’ abesten zituenean ere jendea geratzen zen... baina ni eta nire ingurukoak irabazi egiten zituen. ‘Hau zer ari da?’, zenioen zeurekiko, baina azkenean harrapatu egiten zintuen. Ulertzen ez zenuen zerbait ari zen gertatzen eta ikusten zenuen mina zeukala barruan. Ez zen berea bakarrik, gizarte osoarena zen: zapalduena, marjinatuena, gerra sufritu zutenena... mina xurgatu eta aterako balu bezala zen. Eta horrekin batera, bazen beste min bat, bere lanagatik (haurren neuropsikiatra bezala aritu zen urte luzez) umeengan banan-banan ikusten zuena. Horrek ere aberastu egin zuen. Gizakiari bere bakardadean sortzen zaizkion larriminak agertzen ziren bere kantuetan».

«Gizartearen, historiaren, Gernikaren, mina azaltzen zuen, baina baita aldi berean errealitatearen aurrean ulertu ezinik geratzean ateratzen zaizun oihu primal hori, guztiok egin beharko genituzkeenak tarteka [barreak]», adierazi du Igerabidek.

«Lekeitioak bezalako esperimentazioak txorakeria hutsean gera daitezke, hori denaren azpian ez badago begi argi bat, ikuspegi bat, baina ibilbide bat duzunean ez da txorakeria, horrek esanahia hartzen du. Laboak ibilbidea zeukan, ernamuina han zegoen, eta egindako bidearen barruan zentzua zuen, indar artistiko ikaragarria hartu zuen».

Antiguatarrak utzitako ondareaz galdetuta, garbi dio Larrinagak: «sotiltasuna Ruper Ordorikaren kantu askotan aurkitzen duzu; Xabier Montoiak egiten duen musika eskaintzak ere harreman eta antza handia du Laboarekin; Inoren Ero Ni taldeak jotzen duenean esango nuke Laboa hodei baten gainean etzanda dagoela eta barrez ari dela ‘gazte ero hauek ze bihurriak diren’ pentsatuz. Gaur egungo musika proiektu askotan aurki daiteke bere ondarea eta herentzia. Eta bere kantuak edonon entzun daitezke, irrati zein telebistan. Oso popularrak dira».

Gero etenaldia etorri zen. Ez zen bakarra izan. «Justu trantsizioa hasi zenean musikari asko, kantari eta kantautore asko agertu ziren. Halako zeremonia karismatikoak ziren, nolabait erreprimituta egon ziren indarrak askatzeko. Adibidez, Xabier Letek utzi zion kantatzeari, bere esanetan jendea kantaldietara amnistia eskatzera eta ikurrinak erakustera joaten zelako, eta ez zuelako musikariaren proposamena entzuten».

Euskal identitatea ia hegemonikoa zen gure gizartean eta proposamen errazagoen aldekoak ziren entzuleak. Hala dio Larrinagak. «Garai hartan Lete, Laboa eta Lertxundi punta-puntakoak ziren Euskal Herrian, baina eurak ere abangoardiara joz proposamen arriskutsuak burutzen zituzten. Laboak ‘Gernika’ soinu efektuekin eta gitarra ulukariekin jotzean jendeak ez zuen ulertzen, are gehiago, barre ere egiten zuen. Kaki Arkarazo eta beste lau zeuden lehenengo ilaran erabat flipatuta. Horren ondorioz, Letek –ia betirako–, Laboak eta Lertxundik kantaldiak utzi egin zituzten», gogoratu du.

80ko hamarkadaren hasieran, Euskal Herriko musika eszena ia dena desagertu egin zen. «Itoiz, Oskorri, Imanol ari ziren ordurako, eta Ruper Ordorika hasi zen. Gero punkaren eztanda etorri zen».

 

Agertokietatik urrun

Bost urteko etenaldia bere musikagintzaren norabideaz hausnarketa egiteko baliatu zuen Laboak. Larrinagaren esanetan, itzuleran, molde klasikoagoetara jo zuen. «Bere ibilbideko lanik ausartenak ‘Bat-hiru’ (1974) eta ‘Lau-bost’ (1980) izan zirela esango nuke, azken honek arrakasta handiagoa izan zuen. Etenaldia egin eta gero molde klasikoagora jo zuen, baina punkiek erabat onartu zuten, olatua egin zioten. Eta horrek sekulako proiekzioa eman zion. Iñaki Salvadorrekin hasi zen lanean».

Eta azken diskoan (“Xoriek 17”, 2005), zikloaren itxiera. «‘Bat-hiru’ eta ‘Lau-bost’ lanen eredura itzuli zen. Nolabait bere ibilbide osoaren laburpena egin nahi izan zuen. Hasierako garaiko publikoaren zati handia gorde zuen eta entzuleria gaztea ere bereganatu zuen, beste inork baino gehiago. Eta bigarren olatuko musikariek –Xabier Montoia, Ruper Ordorika, Anari– beti adierazi diote Laboari euren miresmena», esan du.

Horren lekuko, “Txerokee” (1990) diskoa, esaterako. «Bidehuts zigiluak atera zuen eta Durangoko Azokako lanik salduena izan zen». Eta Deloreanek ere “Mikel Laboa” (2017, Elkar) atera zuen, bertsioekin.

Belaunaldi gazteek zioten mirespena sentitu zuen galdetuta, baietz dio Igerabidek. «Bera kontziente zen eta harremana zaindu egiten zuen, gainera. Beste belaunaldietako adiskideak zituen, nik neuk ere hurrengo belaunaldikotzat jotzen dut neure burua».

«Begiradaren askatasuna»

«Ez zen bere burbuila artistikoan zoratutako pertsona, isilean egiten zuen, bere xumetasun hartan ez zuen ematen, baina ikuspen sakona zuen arteaz eta gizarteaz. Eta nik uste azkeneraino mantendu zuela barne askatasuna, begiradaren askatasuna. Hori batzuetan garesti ateratzen da, baina mantendu egin zuen».

Katedra zuzentzeko eskaintza jaso zuenean jendartean proiekzioa behar zuela ikusi zuen, «batez ere Laboaren izena erabili behar bazen. Beraz, ikerkuntzaz gain, arte sormenari eta kulturan bide berritzaileak eta zaharrak uztartzeari leku egin behar zitzaiola uste nuen. Eta hala onartu zuten. Orain Jone Miren Hernandez da zuzendaria, nahiz diru aldetik gutxitu egin den eta ondorioz, ekimenak ere bai», kontatu du.

Pozik dago, kultura munduan jorratu gabe zeuden ikerketak bultzatu direlako, bertsolaritza, trikiti eta dantza arloetan, besteak beste. «Hala izan zedin saiatu gara. Izan ere, ikerkuntza folklorikoan Unibertsitatean oso gauza gutxi egin dira».

Bere esanetan, asko egin du Katedrak Mikel Laboaren izaera poliedrikoa aztertzen eta jendarteratzen. «Laboa bere osotasunean ezagutzen lagundu dute burututako proiektuek», dio. Baina bada oraindik zer egin. «Musika garaikidearen alorrean lan asko egin daiteke, gutxien landu dena da». Laboak esparru honetan jorratutako bidea jendarteak egoki ulertu ote duen zalantza du. «Eta arteaz ari bagara, oso garrantzitsua da», azpimarratu du Adunako idazleak.

«Laboa polifazetikoa da eta gauza asko daude oraindik aztertzeko. Bertold Brechtekin zuen lotura, esaterako –gaineratu du–. Eta ikerketa Ez Dok Amairura zabalduz gero, zeresanik ez». «Abangoardiako musika landuarekin ere oso lotura estua zuen. Ez Dok Amairukoek John Cagekin izan zuten harremana hasieratik eta Laboak Ramon Lazkano konpositorearekin ere harremana zuen; zerbaiten adierazle da eta ez da aztertu».

Igerabidek hala aitortu digu, Katedra zuzentzea «ohorea eta gozamen handia izan da» berarentzat, gaztetatik asko miretsi duen kantaria izanik. «Lehen pintzelkadak neuzkan, orain osatu egin dut haren figura».

«Haizeari begira edo...»

Laboarekin aurretik ere halako une bereziak bizitakoa da idazlea. «Atxagarekin bazkaldu eta Adunara etortzen zen bera askotan. Eta nik semea eskolara neraman. Han egoten zen, ez dakit, haizeari begira edo... topo egin eta hizketan hasten ginen. Konexio humano oso indartsuko uneak izan ziren, eta betirako geratzen zaizu».

Lotura estutu egin zaio. «Artista handitzat baneukan, orain handitu egin zait eta konexio izugarria sentitu dut berarekin, konexio humanoa; lehen neukana baino sakonagoa. Katedran egindako lanarekin hori esfera handi bat bihurtu zait. Artista onekin elkartzean gertatzen zaizu, sekulako esfera deskubritzen duzu», kontatu du.

Harreman pertsonalean «goxoa» deskribatzen du. «Bazirudien ez zela enteratzen, baina argia zen. Begia beti argi. Bere buruari inportantzia handirik eman gabe, eta aldi berean gauza askotaz konturatuz».

Bere sormen lanei borborka darien sentsibilitatea ere nabari zitzaion egunerokotasunean. Hala dio. «Bai, artean gauzatzen zenean sentsibilitate hori biderkatu egiten zen mila aldiz, baina berarekin tratuan ere sentitzen zenuen. Egoa bazeukan eta jenio txarra ere bai, nahiz nik ez nion ikusi. Artistari, onartua denean, handikeriarako joera agertzen zaio, baina berari umetatik edo gero, ez dakit, txertatuta geratu zitzaion apaltasuna. Krudelkeriaren aurrean, minaren aurrean, lanbideak erakutsi zizkion miserien aurrean, horrek halako apaltasuna ematen dizu. Gauean gora behera jartzea nahikoa duzu zure neurria hartzeko eta uste dut neurri hori beti gogoan zuela», amaitu du.

 

Biografia

1934

Ekainaren 15ean jaio zen Mikel Laboa, Donostian.

1936-37

Gerra hastean aita, EAJko Donostiako zinegotzia, Bordelera erbesteratu zen eta ama, zazpi seme-alabekin, Ispasterrera joan zen. Donostiara bueltan, Mikelek euskara asko galdu zuen.

1953-1955

Medikuntza ikasketak hasi zituen Madrilen. Bigarren ikasturtean gaixotu eta Iruñera aldatu zen. Han hasi zen Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra eta Brassens kantatzen. 1965ean Haur Neuropsikiatria espezialitatea hasi zuen.

1958

Jendaurrean lehen aldiz abestu zuen, gaztelaniaz. Iruñean euskara ikasteari ekin zion berriz. 1962-63an hasi zen euskarazko abesti tradizionalak kantatzen. Zaragozako Argensolan izan zen lehen emanaldia.

1964

Mari Sol Bastidarekin ezkondu zen. “Lau herri kanta” lehen lana, EP-a, plazaratu zuen. 2007. urtea bitartean diskoak plazaratzen jarraitu zuen, 17 lan denera.

1965

Ez Dok Amairu taldearen hazia ereiten hasi zen. Urte berean “Zeruko Argia” aldizkariari eskainitako elkarrizketan euskal kanta berria izenekoaren ildo nagusiak aurreikusi zituen.

1969

Ez Dok Amairurekin “Baga-Biga-Higa” sentikaria prestatu zuen. Ez zen grabatu, taldea 1972an desegin zen. Artze anaiekin “Ikimilikiliklik” prestatu zuen.

1979

Bost urteko etenaldia egin zuen, agertokiak utziz.

1984

Iñaki Salvadorrekin elkarlana hasi zuen. 1987an, Josetxo Silguerorekin. Makina bat proiektu burutu zituzten.

2006

Uztailaren 11n azken aldiz igo zen agertokira, Zurriolako hondartzan Udalak antolatutako Bakearen Aldeko kontzertuan. Bob Dylan ere aritu zen.