INFO

Espainiak justizia arloari lotutako hizkuntza gomendioak bete gabe segitzen duela salatu dute

Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren betetzeari buruzko bosgarren txostena kaleratu berritan, Estatu espainiarrak justizia eta auzitegiekin lotutako gomendioak bete gabe jarraitzen duela salatu dute Behatokiak eta Kontseiluak. Nafarroako zatiketarekin amaitzeko premia ere nabarmendu dute. 

Garbiñe Petriati eta Paul Bilbao, Iruñean egindako agerraldian.

Iruñean eginiko agerraldi batean, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren betetzeari buruz Espainiak kaleratu berri duen bosgarren txostena aztertu dute Garbiñe Petriatik eta Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak eta Kontseiluko idazkari nagusiak. 

«Bosgarren txostenean egindako gomendioak aurreko txostenetan egindakoen errepikapena besterik ez dira», nabarmendu dute. Bilbaoren esanetan, orain arte aurkeztu dituzten datuek ere erakusten dute «ezinbestekoa» dela «urrats eraginkorrak ematea Ituna benetan betetzea lortuko bada». 

Ildo horretan, bi eskaera zehatz azpimarratu ditu: «Agintariek konpromiso-maila betetzeari buruzko informazio zehatza ematea. Eta, inoizko adostasun sozial handiena izan duen hizkuntzari buruzko proposamen politikoari erreparatzea; alegia, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa». 

Estatu espainiarreko administrazio orokorraz eta justizia administrazioaz hitz egin du lehenik Bilbaok. Azaldu duenez, heldu den astean Iruñean izango den adituen batzordeari eskatuko diote ofizialkidetasuna hobeto ziurta dadila eta EAE zein Nafarroako euskararen ofizialtasuna gaztelaniarena bezain erreala eta hura bezain eragingarria izan dadila.

Norabide horretan, «Estatuko Administrazio Orokorrean langile elebidunak kontratatzeko neurriak lege bidez jasotzeko» eskatuko dute, lan deialdi publikoetan, «orain arte bezala», «iruzurrik egin» ez dadin.

«Ez du ezer aurreratu»

Justizia alorrean egindako azterketaren ondoren, «oso larria iruditzen zaigu Itunaren lehen ebaluazioa egin zenetik Justizia eta auzitegiekin lotutako gomendioak bete ez izana. Gogoratu behar dugu propio eskatu zaiola Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzea, eta ez dio kasurik egin. Are gehiago, aukerak izan ditu azken urteotan onartu den araubideetan Europako gomendioak txertatzeko eta ez du ezer aurreratu», Kontseiluko eledunaren arabera.

Eremu sozioekonomikoari ere egin dio aipua Bilbaok. Eskaera zehatza jasotzen da arlo honetan ere: «gaztelaniaren erabilera derrigortzen duen araubidea bertan behera uztea eta hizkuntza koofizialen erabilera modurik egokienean arautzeko aukera izatea».

Nafarroaren kasua

Nafarroan ematen egoeraz, Garbiñe Petriatik esan du premiazkoa dela «Administrazio Publikoko langile euskaldunei eragiten zaien diskriminazio larriari amaiera ematea, bai eta irakaskuntzako langileei ere». «Ezin da administrazio publikoko langilea zigortu euskarazko lanpostu bat betetzeagatik edo bete nahi izateagatik», gaineratu du.

«Berehala konpondu beharreko» beste gai bat ere jarri du mahai gainean Petriatik: «Nafarroako hizkuntza-eremukako zatiketak eragindako administrazio-banaketa desager dadila, oztopoa delako Nafarroako zatirik handienean, gizarte-mailan nahiz maila ofizialean, euskara normaltasunez erabiltzeko, bai eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna bera aplikatzeko ere. Beraz, zonifikazioarekin amaituz, ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea».