Erlijio ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abian jarri du LAB sindikatuak
LAB sindikatuak erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abian jarriko du abenduaren 15etik aurrera. «Azken urtean gure oinarri ideologikoak berritzeko lanetan murgilduta ibili gara, eta norabide horretan kokatzen dugu Bilbon aurkeztu dugun dinamika», adierazi dute bizkaitar hiriburuan.
Erlijio desberdinetako ikasgaia urtez urte eskaintzen da Euskal Herriko ikastexe publiko zein itundutakoen gehiengo zabalean. LABek Hezkuntza laikoaren aldeko «apostu garbia» egiten du, «familiek etxean eta euren borondatez erlijioetan hezitzeko aukera dutelarik, baina heziketa hori ikastetxeetatik at egon beharra duela ulertuz».
«Erlijioek inongo ikastetxeko curriculumetan lekurik ez dutela ozen salatu nahi dugu dinamika honen bitartez», zehaztu dute. Era berean, erlijio irakasleen zerrenda osatzeko prozesua ezbaian jarri dute. «Jakina da garai batetan erlijioko irakasleek EAEko irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan izan zuten sarbide iluna. Apezpikutzak kudeatutako zerrenda edo lan poltsa batetik ematen zuten jauzia irakaskuntzara, gerora, merituak pilatutakoan aukera zutelarik gainontzeko espezialitateetara igarotzeko. Gaur egun, zerrenda horiek administrazioak kudeatzen baditu ere, apezpikutzak ezartzen ditu zerrenda horietan sartzeko baldintzak. Irakasle tituluaz gain, konpetentzia akademikoko adierazpen eklesiastikoa, egokitasun adierazpen eklesiastikoa eta missio kanonikoa ezinbestekoak dira. Gure ustez, onartezina da erakunde erlijioso batek zerrenda publiko batzuetarako irizpideak ezartzea». Hala ere, zehaztu nahi izan dute sindikatuak «erlijioko irakasleengan ez duela fokoa jarri nahi, hauek ez baitute gaur egun ematen den egoerarekiko ardurarik ezta beroni buelta emateko eskumenik».
Honen aurrean, LABek, erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik atera eta irakasle finko zein behin-behineko hauek birkolokatzeko prozedura adostu baten aldeko hautua egiten du. «Gainontzeko irakasleak bezala, elizaren injerentziarik gabeko lan poltsa publikoen bidez eta egonkortasun prozesuen bidez eskuratu beharko dute lanpostua bestelako espezialitate batetan, hauek lan baldintza berdinetan, eskubide eta bete-behar berdinekin esleituko zaizkielarik».
Dinamika larunbatean jarriko da martxan Euskal Herri mailako sinadura bilketa batekin. Datozen asteetan, modu berean, hezkuntza eragileekin aldebiko bilerak burutuko dituzte eta EAEko Legebiltzarreko hezkuntza batzordean agerraldia eskatuko. Era berean, hilabete bakoitzeko 15. egunean, elkarretaratzeak eginen dituzte ‘egin klik: erlijiOFF’ lelopean. Apirilean, «akanpada laikoa» egingo dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean eta maiatzaren 11an manifestazioa Bilbon, ‘Hezkuntza burujabea iruten, egin klik: erlijiOFF’ lelopean.