INFO

Galduta zuten partidari buelta emanda lortu dute Urrutikoetxea-Larunbek lehen garaipena (20-22)

Altuna III.a-Martija 18-10 joan dira irabazten baina ezin izan diote eurena zirudien puntuari eutsi.

Martijaren lan onak ez du saririk izan. (Jon URBE/FOKU)

Sekula ez omen da berandu eta garaiz esnatu dira Urrutikoetxea-Larunbe, bikote bizkaitarraren Binakako txapelketako lehen puntua eskuratzeraino. Partida onegia jokatu ez arren, Altuna III.a-Martija 18-10 aurreratu dira markagailuan, batez ere urdinek egindako hutsei esker, baina ez dira partida amaitzeko gai izan eta garesti ordaindu dute.

Bi hilabetetan jokatzen zuen lehen partida izateko, konpromiso handiko partida jarri dio Asegarcek Mikel Larunberi eta partida hasieran kosta egin zaio galdakoztarrari. Eskuin eskuko minaren arrastorik agertzen ez zuen arren, Larunberi kosta egin zaio pilotara jartzea eta pilota gehitxo galdu du. Urrutikoetxea ere deseroso agertu da kantxan, tantoa amaitzeko zailtasun handiekin eta hala aurreratu dira gorriak, batez ere Martijak egindako lan serioari esker.

Bigarren atsedenaldi luzearen ostean, ordea, gauzak errotik aldatu dira. Larunbek nabarmen egin du gora, ez du beste hutsik pilatu, Urrutikoetxea ere askatu egin da eta Aspekoak, aldiz, desagertu egin dira. Jokin Altunak protagonismo gutxi izan du partida osoan zehar eta amaiera horretara hoztuta bezala heldu da eta ezin izan dio eskuan zuen garaipen bati heldu.