INFO

Gipuzkoako aurrekontuei argi berdea, EAJ eta PSEren botoekin

Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkurak onartu egin ditu Aldundiak hurrengo ekitaldian izango dituen aurrekontu orokorrak, EAJ eta PSEren botoekin. Guztira, 875 milioi euro izango dituzte aurrekontu horiek, iaz baino %2,2 gehiago. 

Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontuei argi berdea eman zaie Batzar Nagusietan eginiko osoko bilkuran. Foru Gobernua osatzen duten EAJ eta PSEren babesarekin onartu dituzte aurrekontuak eta oposizioko hiru alderdiek (EH Bildu, Ahal Dugu eta PP) aurka bozkatu dute.

EH Bilduk, ohar bidez, salatu du oposizioak aurkeztu dituen 260 zuzenketetatik «bakar bat bera ere» ez dutela onartu. 

Guztira 875 milioi euroz hornituta daude aurrekontuak, 2018an baino %2,2 gehiago. Foru erakundeak «inoiz izan dituen aurrekontu sozialenak» direla azpimarratu du Markel Olano ahaldun nagusiak, gizarte politiketara 390 milioi bideratuko direla azalduz.

Olanok adierazi du hauei esker Gipuzkoak «egonkortasuna eta aurrerabidea nagusi izan dituen» legealdia itxiko duela.

«Funtsean, helburu bera izaten jarraitzen dugu: Gipuzkoa gizarte, genero eta hizkuntzaren arloetan desberdintasun gutxien dituen lurraldeetako bat izatea», esan du ahaldun nagusiak.

Olano pozik agertu da araua onartu izanarekin eta nabarmendu du «aurrekontu hauekin behin betiko itxiko direla aspalditik datozen zenbait kontu, hala nola hondakinen kudeaketa edo gure errepide sarea. Horrela, Gipuzkoak atzean utziko ditu azkenean zama horiek, eta bete-betean ekingo dio etorkizuna diseinatu eta eraikitzeari».

«Legealdi hasieran konpromiso bat hartu genuen herritar gipuzkoarrekiko, eta konpromiso hori bete egin dugu», azpimarratu du.