INFO

«Presoak etxean egoteko garaia» dela aldarrikatu dute Iruñean

Ezker abertzalearen Kalera Kalera dinamikak deituta, manifestazio jendetsua egin dute Iruñean, «gehiago itxaron beharrik gabe» bestelako espetxe politika bat eskatzeko. «Preso eta errefuxiatuek euren senide eta lagunekin etxean egon behar dutela» nabarmendu dute.

Iruñeko Udaletxeko plazan amaitu da manifestazio jendetsua. (Iñigo URIZ/FOKU)

Manifestazioa 18.45ean abiatu da autobus geltoki zaharretik, aurrez Barañain, Atarrabia eta Arrotxapeatik ateratako hiru zutabeek bat egin dutenean.

Udaletxe plazan egin duten ekitaldian Itsaso Torregrosa eta Iker Araguas preso ohiek hartu dute hitza eta, lehenik eta behin, espetxean edo erbestean daudenei bidali diete «besarkadarik sentituena», senide eta lagunekin egon daitezen «ordua dela» azpimarratuz.

Gogoratu dutenez, oraindik 264 lagun daude espainiar zein frantziar espetxeetan sakabanatuta, «salbuespenezko espetxe politika baten menpe». Jarraian salatu dute «Estatu espainolak, ez sozialista eta ez langilea den alderdi horren gidaritzapean», ez duela espetxeetako egoera aldatzeko «inolako pausu nabarmenik» eman oraindik.

Iragarri zen espetxe politikaren aldaketa «neurri zehatzetan» ez dela islatu gaitzetsi dute eta, aitzitik, «salbuespenezko neurriek bere horretan» dirautela adierazi dute: «sakabanaketa, lehen graduaren mantentze sistematikoa, preso gaixoen eta 3/4ak bete dituztenen askatasunaren ukazioa edota zigorren luzapenerako egindako arkitektura juridikoa».

«Aietetik Arnagara herri honek aldebakartasunez» zabaldu duen eszenatoki politiko berriak «ezinbestean erabat ezberdina izango den espetxe politika bat» behar duela ohartarazi dute, «gehiago itxaron beharrik gabe».

Zentzu horretan, gogoratu dute Euskal Herrian badagoela «gehiengo herritarra, sindikala, politikoa eta instituzionala» preso eta iheslarien egoerari irtenbide demokratiko bat ematea «behin eta berriz» exijitu duena. «Hori gertatzen ez den bitartean ezingo dugu inolaz ere normalizazio politikoaz hitz egin», gaineratu dute.

«Espetxeetako giltzak estatuen esku» badaude ere, nabarmendu dute «gure esku dagoela era masiboan kalera ateratzea preso eta iheslarien berehalako etxeratzea aldarrikatzeko».

Bide horretan hitzordu baten garrantzia azpimarratu dute: urtarrilaren 12koa. Horregatik, Iruñean bildu diren lagunei gonbitea egin diete 20 egun barru Bilbo eta Baionan «Orain Presoak» lelopean egingo diren manifestazioetan parte har dezaten «kaleak leporaino betetzeko».

«Ez dugu isilik gelditu nahi. Ezin dugu. Ezinbestekoa da kalera ateratzea egoera hau iraultzeko. Behar adina aldiz aterako gara. Ez gara nekatuko. Orain da momentua. ‘Bada garaia, presoak kalera!’. Urtarrilaren 12an denok Bilbo eta Baionara!» aldarrikatu dute.