INFO

Perfekziotik gertu, lehen postuari heldu diote Olaizola II.a eta Albisuk (22-11)

Ataundarrak erabat dominatu du Rezusta atzeko koadroetan eta Goizuetakoa bikain aritu da errematean, iazko txapeldunordeei aukerarik eman gabe.

Erabat dominatu ditu atzeko koadroak Albisuk. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Txapelketa osoko partidarik borobilena jokatuta eskuratu dute Aimar Olaizola eta Jon Ander Albisuk Binakako sailkapeneko lehen postua, Elezkano II.a-Rezusta, iazko txapeldunordeak, txikituta.

22-11 irabazi dute Asegarcekoek baina kantxan izan den aldea are eta handiagoa izan da partidan zehar, 20-7koan urdinek izan duten erreakzio txikira arte.

Historia gutxiko partida motza izan da Bilbokoa, hasiera-hasieratik hartu baitute agintea gorriek. Atzean, defentsan aritzera behartu du Jon Ander Albisuk Beñat Rezusta eta aurrean Aimar Olaizolak izan dituen aukera ia guztiak bikain aprobetxatu ditu.

Partidak apenas izan du orekarik, 5-4tik 12-4ra joan baitira Asegarcekoak zuzenean. Aspekoek ez dute jokoaren erritmoa geratzen asmatu eta Elezkanori ere ikaragarri kostatu zaio partidan sartzea (19-6 eta 20-7).

Hortxe izan du Zaratamokoak susperralditxoa, baina markagailua pixka bat txukuntzeko baino ez die balio izan (22-11).