Urrutikoetxeak erabaki du Labriteko partida bikaina (22-18)
Zaratamoko aurrelariak azken txanpan egindako tantoek erabaki dute erremate ikusgarriak eta parekotasuna ezaugarri izan dituen neurketa aparta.
Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak bigarren garaipena lortu dute Binakako Txapelketaren ligaxkan Ezkurdia eta Ladis Galartzari Labriten 22-18 irabazita. Finalerdietarako sailkapena zaila duten arren, Asegarceko bizkaitarrek lehian jarraituko dute ikuslearentzat ahaztezina izan den neurketa bereganatu ostean.
Jokoaren zama bizkar gainean hartuta, hasieratik ikusi da bi aurrelariak ikuskizuna emateko prest zeudela. Gorriak 3-0 aurreratu dira Mikel Urrutikoetxeak egindako hiru tantorekin: lehena atzean eta hurrengo biak gantxoz. 3-1ekoa Ezkurdiak egin du pilota bikain moztuta; 4-1ekoa Urrutik beste gantxo eder batekin; eta 4-2koa Ezkurdiak jokaldi berdina erabiliz. Aurkezpenak eginda, onena oraindik etortzeko zegoen.
Arazo gehixeago izan dituzte bi atzelariek. Andoni Aretxabaleta, hiru jardunaldiz kanpoan egon ostean, larri antzean ibili da piloteoan, Joseba Ezkurdiari pilota kendu ezinik askotan. Hori bai, bi pilota bakarrik galdu ditu partida osoan. Ladis Galartza gehiagotan nagusitu da piloteoan, baina Baraibarkoak huts gehixeago egin ditu.
Atzean indarrak nahiko parekatuta beraz, aurrelarien erremate trukaketan egon da norgehiagokaren funtsa. Eta lehia ikusgarria izan da. Ia beti gorriak aurretik ibili dira markagailuan, alderik esanguratsuena 17-13koan eskuratuz. Baina juxtu orduan Ezkurdiaren erakustaldia hasi da, eta 0-5eko partzial batekin –horietatik lau tanto arbizuarrak eginak eta denak jendea zutik jarri dutenak– 17-18 aurreratu dira urdinak.
Telebistak behartzen duen geldialdiak ordea ez die batere onik egin urdinei, eta kantxara itzultzean gorriak izan dira bost tanto segidan eginda zuzenean 22-18ra joan direnak. Azken txanpa horretan Mikel Urrutikoetxea izan da dena asmatu duena aurrean, neurketari amaiera bikaina emanez.
«Andonik esan dit eskua apur bat handituta zeukala, normala horren partida gogorra jokatuta, eta nik kale edo bale egitea erabaki dut. Zorionez pilota onak etorri zaizkit eta asmatu egin dut», onartu du Zaratamokoak amaieran, bigarren garaipena eskuratuta pozik.