INFO

Garaipen argiak lortu dituzte Realak (1-3) eta Athleticek (4-0)

Aise atera dituzte aurrera euren partiduak igande goiz honetan Realak (1-3) eta Athleticek (4-0). Hirugarren garaipena dute jarraian donostiarrek eta Atleticoren aurka jasotako porrotari buelta ematen laguntzeko baliatuko dituzte hiru puntuak zuri-gorriek. [Emaitzak eta sailkapenak]

Garaipen erraza eskuratu du Athleticek Lezaman. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Reala izan da goiztiarrena baloiaren atzetik martxan jartzen. Malagak izan du neurketako lehenengo gol aukera, 6. minutuan, baina Adriana Martinek area kanpotik egin duen jaurtiketa kanpora joan da zuzenean.

17. minutuan iritsi da Reala lehenengo aldiz aurkariaren ate ingurura. Bea Beltranek egindako erdiraketa arriskutsu baten ondorioz izan da, baina aurrelari txuri-urdinek errematatzerik izan zen eta atzelariek urrundu dute baloia.

Gol aukera gutxiko neurketa izaten ari zen, harik eta 34. minutuan Nahikari Garciak 0-1ekoa egin duen. Berehala, 36.ean, bigarrena egiteko aukera izan du Ane Etxezarretak, baina atezainak kornerrera urrundu du baloia.

Hobeto hasi dute bigarren zatia etxekoek. Hala, 67. minutuan banakoa egin du Paulak. Realak, baina, ondo erreakzionatu du eta 76.ean markagailuan aurretik jartzea lortu du Ane Etxezarretaren gol bati esker. Nahikari Garcia izan da behin betiko 1-3koa jarri duena, 79. minutuan.

Are errazago suertatu zaizkio lanak Athletici. Lezaman jokatu dute zuri-gorriek, Huelvako Sportingen aurka. Kosta egin zaie zuri-gorriei erasoko jokoa antolatzea eta 28. minutuan iritsi da lehenengo gol aukera. Lucia Paolak egin du errematea, baina gora alde egin dion.

Pixkanaka, erasoko jokaldiak osatzen hasi da Athletic bata bestearen atzetik. Lucia Paola izan da lehen zatian bisitariaren atera arrisku gehien eraman duen jokalaria; esaterako, zutoinera jaurti du 36. minutuan. Nahi zuen Athleticek, baina hutsean iritsi da neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, 51. minutuan, egin du partidako lehenengo gola V. Gimbertek. Behin markagailuan aurreratuta, erasora jarraitu du Athleticek. Nekane Diezek egin du zuri-gorrien bigarrena, 60. minutuan. 70.ean iritsi da hirugarrena, Lucia Paolaren bidez, eta luzapen denboran, 94. minutuan, egin du behin betiko 4-0ekoa Ane Azkonak.