INFO

Gaur hasiko da (H)ilbeltza Baztanen

 ‘Uzta Gorria’ liburua hizpide hartuta gaur abiatuko da Euskal Nobela Beltzaren Astea Arizkunen.

Hilbeltza.

Gaur hasi eta igandera arte Baztanen (H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea izango da. Arizkunen abiatuko da eta Xabier Olarra itzultzailearekin solasean aritzeko parada izango da. Dashiell Hammetten ‘Uzta Gorria’ liburua izanen dute hizpide 19.30tatik aitzina, herriko Medikuaren etxean.

Asteazkenean, hilak 16, Anizko Mendiarte elkartean Koldo Izagirre idazlea izango da, 'Jurgi kapitaina, Xabier Gereñoren doblea' hizketaldia egiten. Arratsaldeko 19.00etan izango da saioa. Ostiralean, urtarrilaren 18an, 19.00etan baita ere, zinema eta literaturaren inguruan jardungo dira Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, Gotzon Agotek egingo duen 'Hemingway ere beltza zen' hizketaldiarekin.

Literatur hizketaldi eta mahai inguruez gain, bada non gozatua Baztanen. Larunbatarekin adibidez, bazkaria egingo dute Erratzuko Etxeleberte elkartean. Eguna ixteko, ordea, 'Susmagarrien gaua' delakoa egingo dute Erratzun barna, eta igande goizez, ‘Itzuli beltza' deituriko ekimena.


Larunbatean ere mahai ingurua egingo dute Itxaro Borda eta Edorta Jimenez idazleek, bertan nobela beltzek hiria eta landa eremuen inguruan egiten duten trataeraz hausnartuko dute. Moderatzaile lanetan Ana Galarraga ariko da, goizeko 11.00etatik aurrera.Larunbat arratsaldean, aldiz, hiru liburu aurkeztuko dira: Miel A. Elustondok (H)ilbeltza bekarekin sortutako 'Kezko bola batek itoak birikak' , Edorta Jimenezen 'Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua' eta Xabier Etxeberriaren, 'Berriro itzuliko balitz'.

Igande arratsaldean (H)ilbetzari amaiera emanez. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean irakurketa girotua egingo dute, Jon Alonsoren 'Chandlerren alde… edo kontra' testua oinarri. Ondoren, Mairu antzerki taldeko lagunek eta (H)ilbeltzakideek hartuko dute parte.

Euskal Nobela Beltzaren asteak kanpaina ederra egin du (H)ilbetza iragartzeko, hauxe sarean aurkitutako bideoa.