INFO

Munduko hizkuntza gutxituak oztopoen gainetik beren lekuaren bila

Hizkuntza gutxituak hizpide hartu ditu Euskaltzaindiak, medeurrena ospatzeko ekitaldien barnean atzo Iruñean hasi zen kongresuan. Jagon jardunaldien 23. edizioari ekin zioten atzo.


Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek, Iruñeko alkate Joseba Asironek, Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek eta Jean-Baptiste Battitu Coyos Euskaltzaindiko Jagon saileko buruak parte hartu zuten irekiera ekitaldian.

Atzo izan ziren hitzaldien artean Mondragon Unibertsitateko Jon Sarasua irakaslearena zegoen, munduko hiztun komunitate gutxiagotuek duten bilakaeraz aritu zelarik. Ikuspegi ezkorra adierazi zuen gai honetaz Sarasuak. Izan ere, munduko 6.000 hizkuntzetatik bi heren mende honetan desagertuko direla diote adituek, horien artean, Unescok berak.

«Egoerari titular bat jartzekotan, ‘galbidea’ izango litzateke», laburbildu zuen. Hizkuntzen arteko banaketa ere ez da homogeneoa. Hamabi nagusiek hiztun kopurua ia osorik bereganatzen dute. Fokua zabalduz, 200 hizkuntza nagusiek munduko hiztunen %96 biltzen dute. Gelditzen den %4 eskas horren bizkar dago munduan hitz egiten diren gainerakoen etorkizuna.

Munduko hizkuntza aniztasuna komunitateek bizitzen zuten isolamendu erlatiboan garatu dela nabarmendu zuen Sarasuak. Orain, ordea, konexiorantz goazela adierazi zuen eta horrek aldaketak eragiten ditu.

Hainbat hiztun komunitateren egoera ere aztertu zuen, hala nola aimara, kitxua, nahuatl eta amazig hizkuntzenak, eta horien artean ere gainbehera nagusi dela berretsi zuen. Paradoxikoki, azken 25 urteotan legedi aldetik babesa lortu dute hizkuntza hauek, baina transmisioaren eten larri bat gertatu da aldi berean. Komunitate hauetako kideek telefono adimentsuak eta telebistak dituzte eta unibertsitateetara ere heldu dira. Mundu garaikidean kokatu nahi dute euren burua baina hizkuntzak ez daude horretarako prest.

Funtzioen berreskurapena beharrezkotzat jo zuen eta bide horretan pausoak ematen ari direla gaineratu zuen Sarasuak. «Herri bakoitzaren artisautzatik» egin behar dela lan hori gaineratu zuen. Alarman gaudelako mezuarekin batera, itxaropena ere badela nabarmendu zuen Sarasuak.

Kabilian, Afrika iparraldean, egiten ari diren lana ere aipatu zuen, Kafe Antzokia gisakoa bultzatzen, telebista osatzen, Internet garatzen... eta ahozko corpusari alfabetoaren gainetik lehentasuna ematen. Honekin batera, lan honi heltzeko komunitatearen ardura beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

Euskarak bide hori urratu zuen bere garaian (oraindik ere egiten ari da) eta «munduko hizkuntzen plazan euskararen txosna ezagutzen da». Ez du gustuko euskara hizkuntza horientzako «eredu» izatea, baina kooperazioaren alde egin zuen, herri bakoitzak berea egin behar badu ere.