Berritasun gisa, udaberrian ere brigadak egingo ditu aurten Askapenak
Urtero legez, munduko hainbat txokotara egingo dituen brigaden kanpainaren berri eman du Askapenak. Aurtengoan, berritasun gisa, udaberrian ere egingo dituzte brigadak, Paris eta Herrialde Katalanetara.
Ohar baten bidez, 2019. honetarako brigaden kanpainaren berri eman du Askapenak, «joan-etorriko elkartasun internazionalista gure herriko borroka ezberdinetan txertatzeko tresna eraginkorrenetako bat» direla azpimarratuz.
«Etorkizuneko Euskal Herri internazionalista gaurtik eraikitzen hasiak gaudelako, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta geure borrokak irakaspen horietatik elikatzea ezinbestekoa» dela uste du Askapenak.
Gainerako herriei egin diezaieketen «ekarpen iraultzailerik handiena gure herriaren askatasuna eskuratzea» dela jakitun izanik, helburu horrekin garatzen dute beraien praktika internazionalista: «joan-etorrikoa, herritik herrira, berdintasunean oinarrituta».
Udaberriko brigadak
Aurten, gainera, berritasun batekin datoz brigadak, udaberrian Paris eta Herrialde Katalanetara joango baitira. Estatu frantsesean garatzen ari diren borrokak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute Parisen eta Herrialde Katalanetan, aldiz, «bizitzen ari diren ukazio egoera eta proces deituriko bide orriaren mugak» lehen eskutik ezagutu ahal izango dituzte. Apirila amaieran izango dira bi brigada hauek.
Hiru eremu geografikotan banatu dituzte gainerako brigadak: Latinoamerika (Argentina-Uruguai, Brasil, Venezuela, Mexiko eta Boliviara), Ekialde Hurbila (Libano eta Palestinara) eta Europa (Sardinia eta Grezia).
Azkenik, internazionalista orori dei egin diote brigadetan izena eman eta parte hrtzeko.