INFO

«Hau ez da justizia, mendekua da», sareen mintzoa Altsasuko auziaz

Auzitegi Nazional espainolak Altsasuko auzia berraztertzen duen bitartean, «kemena eta indarra» helarazten dute herritarrek sare sozialen bidez.

Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatzeko mobilizazio bat.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko auzia berraztertzen ari da San Fernando de Henareseko egoitzan. Altsasuko zortzi gazteri 13 eta 2 urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten, 2016an kalez jantzita zihoazen bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarrarengatik.

Gazteek epaia betetzen ari dira, haietako hiruk 800 egun eman dituzte preso.

Sare sozialean arreta erakarri du epaiketa berri honek eta goizean goizetik, asko dira Altsasuko gazteak gogora ekarri dituzten herritarrak.

Twitter sare sozialean aurkitutako mezu askok Altsasuko gazteen gurasoak dituzte hizpide. «Ziurgabetasunez eta aldi berean, itxaropenez» bizi dute hitzordu berri hau gurasoek eurek adierazi bezala.

Kataluniatik bidalitako elkartasun mezu ugari jaso dira Twitterren. Katalunian oso presente izan dute auzia hilabete luzeetan eta bertako komunikabideek jarraipen zabala egin diote auziari. Atzo bertan Kataluniako TV3 kanalak ekoiztutako ‘Altsasu: ferides obertes’, –Altsasu, zauri irekiak– dokumentala estreinatu zuen jarraipen zabalarekin.