INFO

‘Naiz Irratia’ da euskarazko irrati berriaren izena

‘Naiz Irratia’ da euskarazko irrati berriaren izena. Halaxe iragarri zuten ostegunean Donostian egindako aurkezpen ekitaldian. Naiz Irratia FMz zabalduko da Euskal Herriko zati garrantzitsu batean. Populazioaren gehiengo handi batek entzun ahal izango du. Emisio frogetan dago oraintxe.

Iñaki Altunak eta Maite Bidartek aurkeztu dute NAIZ Irratia. (Gorka RUBIO / FOKU)

Este navegador no soporta el elemento video.


Azken Zinemaldian Naiz-ek Kursaalaren aurrean erabili zuen egoitzan eman zen jakitera joan den ostegun arratsaldean euskarazko irrati berriaren deitura. Ez da aurkezpen solemne bat izan, ezta ekitaldi koloretsu eta ikusgarri bat ere. Azalpen bat izan da, irratiaren eta komunikazio proiektu osoaren azalpen bat, Naizen komunitateari eta bertaratu diren hainbat eragileren ordezkariei zuzendua.

Iñaki Altuna Naizeko zuzendariak egin du azalpena. Sortu beharreko irratia izan du hizpide, baina «ez modu isolatuan». Izan ere, «irrati honek, etorkizuna izateko, komunikazio proiektu oso bat behar baitu. Nortasun handiko hedabidea izan da historikoki irratia, baina hori ere egoera berrira egokitu beharrean dago».

Komunikazio proiektu orokorra ekimen, pertsona eta elkarte ezberdinei esker osatzen joan dela gaineratu du. Abiapuntu ezberdinetatik abiatuta bidean elkarrekin aritu direnak eta, elkarlanari eta elkarrizketari esker, norabide bertsua hartu dutenak.

Duela hogei urte baino gehiago sortutako EKHE (Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea) aipatu du lehenik; hasiera-hasieran egunkari bat (Gara) martxan jartzea lehentasuna izan bazuen ere, hausnarketa orokorrago bat sustatu nahi izan zuelako, Euskal Herriko esparru komunikatiboa egituratzeko bidean.

Aztibegia elkartearen ekarpena ere nabarmendu zuen, alde batetik, dialean zeuden eta oraindik badauden gabeziak nabarmendu zituelako eta, egoera hori iraultzen hasteko, «ariketa praktiko» bat ere martxan jarri zuelako, bere ibilbide amaitu berri duen Info7 Irratia sortuz eta garatuz.

Lizentzien borroka ere aipatu du. «Bai, borroka», esan du FMra legalki iristeko izandako bide luze eta gogorra gogora ekarriz, epaitegietan ebatzi den sei urtetik gorako prozesua izan baita, azkenean «urrea balio» duten lizentzia mordoxka lortzeko. Izan ere, Naiz Irratia FMz zabalduko da Euskal Herriko zati garrantzitsu batean. Populazioaren gehiengo handi batek entzun ahal izango du.

Froga emisioak hasiak dira Bilbo Handian (92.2), Durangaldean (97,4), Urolan (91.8), Goierrin (102.2) eta Donostialdean (93.8). Baiona inguruan ere entzun daiteke. Musika erabiliz emisio probak dira, eta laster hasiko dira Gasteizen, Gernikan eta Legazpin. Horiek denak EAEn Euskal Irrati Zerbitzuen (EIZ) eskutik lortutako lizentziak dira. Horrez gain, Nafarroako hainbat lekutan ere irratia FMz entzun ahalko da.

Orain arte Info7ko ahots ezaguna izan den eta etorkizunean Naiz Irratiko ekipoan izango den Maite Bidartek eman ditu argibide hauek. «Oso ongi entzuten da», jakinarazi du, eta emisioetan entzulearen laguntza eskatzeko iragarki batzuk jarriko dituztela gaineratu zuen, hedapena noraino iristen den zehazki jakiteko.

NAIZen potentzialtasuna

Naizen beraren sorrera eta garapena funtsezko osagaia izango dela azaldu du Iñaki Altunak. Maila teknologikoan izandako aurrerapenak lanabes berriak eta garrantzitsuak ekarri ditu transmedia eredu berritu batean sakontzeko. Neurri batean Naiz hedabide ezberdinak biltzen dituen plataforma bat bezala ikusia izan bada ere, egiazki euskarri ezberdinen bidez sortutako edukiak modu iraunkorrean eta biralean zabaltzen dituen hedabidea da, eta 2012n sortutako Naiz marka etorkizuneko marka bat da. «Gure inguruan marka artxipelago handia izan dugu, ia produktu edo alor bakoitzeko deitura bat izan baitugu, eta ezinezkoa da horiek denak erreferentzia sendoa izatea. Naizek badauka, eta horren aldeko apustua egitera garamatza errealitate horrek», esplikatu du Altunak, bide batez irratiaren izenaren arrazoia azalaraziz; marka berri bat sortzeak eta erreferentzia eskuratzeak, lan handia eskatzeaz gain, berriro ere uhartedia baino ez lukeelako irudikatuko.

Komunikabideen etorkizunari buruzko eztabaida puri-purian dagoen honetan, zailtasun handiekin izanda ere, Naizekin «arrakastazko eredu» bat lantzen ari direla azaldu du Altunak, krisiak jota dagoen hedabideen munduan beti «arrakasta erlatiboaz» hitz egin behar bada ere. Alde batetik, Naizek emaitza ekonomikoak lortzen ari den harpidetza eredu bat ekarri du eta, beste batetik, bere zabalkundea gero eta handiagoa da. Naiz sortu zenetik, azken urtea izan da webguneak sarrera gehien izan duen urtea, eta 2019ko lehen aste hauetan iazko markak gainditzen ari da. Hedabide handiagoekin lehiatzeko bidean daudela baieztatu du. Naizen zuzendariaren hitzetan, gazteentzat erreferentzia bihurtu da hedabide digitala.

Naiz orain arte izan dena ezaguna dugu, baina proiektua berritzeko ahalegin honetan nobedadeak izango dira datozen hilabeteetan; izan ere, aurtengoa inplementaziorako urtea izango da, irratiarentzat bezalaxe, proiektu osoarentzat ere. Barrura eta kanpora izango du isla berrikuntza horrek. Barrura, erredakzioaren funtzionamendua goitik behera aldatuko delako, eta kanpora, webguneak diseinu berri-berria izango duelako. Ez da «E egunik» izango, aldaketak harian-harian egingo dira.

Hizkuntza eredua

Irrati honekin euskarazko proiektu elebakar bat martxan jartzearen garrantzia azpimarratu zuen Altunak, eta helduleku horretatik euskarazko ereduari erreparatu zion. Urteotako ibilbideari begiratuta, ‘Gaur8’ eta ‘Zazpi Haizetara’ moduko produktu elebakarrak argitaratu dira, eta Hamaika Telebista eta Kazeta Naizen menuaren barruan ere egon dira. Naizek, gainera, euskarazko mami gehiago sortzeko balio izan du, eta aurrerantzean, eta hona garrantzitsuena, euskararen aldeko apustu berritua ahalbidetuko du. Nolabait, orain arteko ereduak ez dituela asebetetzen iradoki du Altunak.

Teknologiaren garrantzia ere nabarmendu du erronka horretan. Eta dagoeneko esku artean dituzten proiektu batzuk aurkeztu ditu, hala nola euskarazko ahots sintetizatzaile bat, edozein euskarazko testu audio bihurtuko duena, ahots oso «naturalarekin»; eta euskarazko ahots ezagutzaile bat, euskarazko audioak transkribatuko dituena. Horiekin batera, itzultzaile automatikoaren eremuan azkenaldian izandako aurrerakada ikusgarriari arrastoa segitzen diotela gehitu du. Lanabes hori lehenbailehen txertatu eta horrela eredu berri batean sakontzeko aukerak biderkatzea espero dute.

Etorkizunerako, lankidetza

Gaurko ekitaldiak tonu positiboa izan badu ere, Altunak faktore negatiboak ere aipatu nahi izan ditu. Hiru arazo edo zama nabarmendu ditu. Alde batetik, berezko akatsak. Kazetaritzak inposatzen duen eguneroko lana eta ur handiko proiektuek eskatzen duten lana bateratzea zaila gertatzen dela aitortu du. Beste batetik, ‘Egin’ egunkariaren itxiera bidegabearen ostetik hark Gizarte Segurantzarekin zuen zorra Gara egunkariari leporatu izana –bidegabeki hori ere– aipatu du. 15 urtean karga handia izan dela, eta karga horrek proiektua baldintzatzen eta kalte eragiten segitzen duela esan du. Eta hirugarren arazoa politika publikoetan kokatu du. Pluraltasun politikoaren izenean, hedabideekiko erakundeek beste jokabide bat izan behar dutela adierazi du, orain arteko «klientelismoa» gaindituz.

Osagai horiek hartuta dei egin dio Naizeko komunitateari, komunikazio proiektu berritu honekiko bere konpromisoa eta babesa ere berritu dezan, bidean aurrera egiteko indarra eta baliabideak beharko baitira.

Kursaalaren ondoko egoitzara hainbat eragile hurbildu zela aprobetxatuz, lankidetzarako eta elkarlanerako deia ere egin du Altunak, proiektu isolatuek ez baitute arrakastarik izango eta «denok baitugu besteon beharra».