INFO

Kontseiluak helarazi zizkion kezkak «bere egin ditu» Nazio Batuen Erakundeko Errelatoreak

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Gutxiengoen Aferetarako Errelatore Fernand de Varennesek bi asteko bisita egin du Estatu espainolera eta kaleratu duen balantze publikoan Kontseiluak helarazi zizkion kezkak «bere egin» dituela azpimarratu dute. 

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Kontseiluak ohar batean gogoratu duenez, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 2012an onartutako Gutxiengo Nazional edo Etniko, Erlijioso eta Linguistikoetako kide diren Pertsonen Eskubideen Deklarazioaren betetze-maila aztertzeko egiten ditu bisitak Gutxiengoen Aferetarako Errelatoreak. 

«Jakin dakigu Delkarazio horrek oso aitortza lausoa egiten duela hizkuntza-eskubideei dagokionez, baina helduleku hori ere erabili behara ikusi zuen Kontseiluak hemengo gabeziak helarazteko», adierai du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, Errelatoreari egoeraren berri eman zionak. 

Bilbaok adierazi du, «ohikoa den moduan», herritarren bizipenetan oinarritutako dokumentua helarazi ziola Errelatoreari, ‘Language rights of Basque speakers’ izenburupean. 

Txostenean, azaldu dutenez, hiru atal bereizi zituzten. Lehenik eta behin, Estatu espainolak «gutxiengoei aitortzarik egiten ez diela salatu zuen»; bigarrenik, egun hizkuntza-eskubideen eremuan dauden gabezia nagusiak aurkeztu zituen, besteak beste, justizian eta Estatuko administrazioan. Hirugarrenik, Nafarroan zonifikazioaren ondorioz herritarrak eskubidez gabetu egiten direla jasotzen zuen.

«Uste dugu Estatuaren jarrera salatu beharrekoa dela, baduelako joera nazioarteko itunak berresteko eta gero horien aplikazio murritza egiteko. Halaber, Nafarroan gertatzen den bidegabekeria ere mahai gaineratu beharrekoa zela iruditu zitzaigun», azaldu du Kontseiluko ordezkariak.

Errelatoreak bisitaren lehen ondorioak publiko egin zituen iragan ostiralean eta, Kontseiluak azpimarratu duenez, honako elementuak plazaratu zituen: «Etena dago ofizialtasunaren estatusaren eta legearen inplementazioaren artean. Halaber, eten hori are agerikoagoa da justiziaren eremuan, hezkuntzan, Estatuko administrazioekiko harremanetan, bai eta hizkuntzak estatus ofiziala ez duen eremuetan ere, esaterako, Asturias eta Nafarroan».

Kontseiluak oso era positiboan baloratu du lehen agerraldi honetan Errelatoreak jaso dituen elementuak, helarazi zizkioten kezkak biltzen dituelako. «Uste dugu de Varennes jaunak ongi ulertu duela zein den euskaldunok bizi dugun egoera», adierazi du Paul Bilbaok. «Horrela, hemendik eta hilabete batzuetara plazaratuko duen ondorioen eta gomendioen txostenak Estatuari neurri eragingarriagoak hartu beharra eskatuko diola uste dugu», gaineratu du.