INFO

Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak ez du ekimen bat tramitera onartu «soilik euskaraz» dagoelako

EH Bilduk salatu duenez, Gasteizko Parlamentuko Mahaiak ez du tramitera onartu atzo Kontratu Publikoetan Klausula Sozialak Arautzeko koalizioak egindako Lege-Proposamena «soilik euskaraz» jaso zuelako. Euskaraz lan egiten dutenak zein gaztelaniaz aritzen direnak «berdintasunez tratatzea» exijitu dio Mahaiari.


Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak tramitera onartu gabe utzi zuen atzo Kontratu Publikoetan Klausula Sozialak Arautzeko EH Bilduren Lege-Proposamena «euskaraz soilik» jaso duelako, koalizioak jakinarazi duenez. «Onartezina eta iraingarria da non eta Legebiltzarrean euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzea», salatu dute.

EH Bilduk, adierazi duenez, «ohi bezala», euskaraz erroldatu zuen pasa den ostiralean Kontratu Publikoetan Klausula Sozialak Arautzeko Lege-Proposamena, baina Legebiltzarreko Mahaiak, atzoko bileran, uko egin zion tramitera onartzeari. Ekimenak «Erregelamenduan xedatutako betebehar guztiak» betetzen zituela defendatu du EH Bilduk.

«Onartezina da Legebiltzarrak euskara eta euskaldunok bigarren mailakotzat hartzea eta euskaraz lan egiteko konpromisoari trabak jartzea», azpimarratu du. «Euskara hizkuntza ofiziala da, gaztelaniaren pare, baina Parlamentuko Mahaiak ez dio tratamendu bera ematen, gaztelaniaz bakarrik aurkeztutako ekimenak arazo barik tramitatzen baititu, inolako oztoporik jarri gabe».

Honen aurrean koalizioak euskaraz lan egiten jarraituko duela berretsi du, eta euskaraz lan egiten dutenak zein gaztelaniaz aritzen direnak «berdintasunez tratatzea» exijitu dio Mahaiari.