INFO

Irribaria-Zabaletak pausu ia erabakigarria eman dute Iruñean

Ezkurdia-Ladis Galarzak berriz ere irabazi diete Olaizola-Albisuri, 11-22 Idiazabalen

Irribarria kontrakantxatik pilota bat eraman nahian (Iñigo URIZ/FOKU)

Erabat lasai egoteko beste puntu bat beharko dutela dioten arren, Irribarria-Zabaletak esku-eskura dute finalerdietarako txartela, Labriten beraiekin puntuetara berdinduta ziren Artola-Mariezkurrenari 15-22 irabazita. Ez du partida txarra burutu Baikoko bikoteak, baina urdinek elkar hartu dutenean, atzelariak jo eta aurrelariak errematea bilatu, Aspekoak nagusi izan dira.

Ez da partida osoan hala izan, ezta gutxiago ere. Izan ere, batzuk eta besteek huts dezente pilatu dituzten hasiera batean, Artola-Mariezkurrena aurretik heldu dira lehen atsedenaldira (12-9), batez ere Alegiako aurrelaria askoz eraginkorrago ibili baita aurreko koadroetan.

Aldageletatik bueltan, Iker Irribarriak aurrera pausu bat eman du, Mariezkurrena zigortzeaz ahaztu gabe, aireko jokoan ere saiatu da eta hutsen bat bildu badu ere, partidaren aginte makilaz jabetu dira urdinak. Azkar ekarri dute markagailua euren aldera (12-15), eta hortik aurrera oso nagusi izan dira.

Idiazabaleko partidak ez zuen horrenbesteko garrantzirik sailkapenari begira, baina Igarondo pilotalekuko harmailak goraino bete dira eta Ezkurdia-Ladis Galarzaren laugarren garaipena bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Bitxia da, baina Aspeko bikoteak lortutako lau garaipenetatik bi Olaizola II-a-Albisu bezalako bikote ahaltsu baten aurka lortu dituzte, gaitasuna badagoenaren seinale. Gainera, lehen itzulian Labriten gertatu bezala, Ezkurdia-Galarza erabat nagusitu dira jokoan (11-22)