INFO

Gorka Urbizu: «Ez dut nire burua behar besteko indarrez ikusten talde honen hurrengo urrats artistikoa emateko»

Berri Txarrak taldeak bere etenaldi mugagabearen berri eman du Lekunberrin. Erabakiaren zehaztasunak Gorka Urbizuk berak eman ditu, berea izan baita bideari behin behineko amaiera emateko hautua. «Ez dut nire burua behar besteko indarrez ikusten talde honen hurrengo urrats artistikoa emateko». Baina bada beste arrazoirik. Bulkada artistiko berri bat.

Este navegador no soporta el elemento video.


Lekunberriko Kantina kazetariz bete da gaur goizean Berri Txarrak taldeak iragarritako prentsaurrekoari erantzunez. Etenaldi mugagabearen berri sakonago ematea izan da helburuetako bat. David Gonzalez eta Galder Izagirre taldekideek lagunduta eman du prentsaurrekoa taldeko liderrak, Gorka Urbizuk.

Hunkituta agertu da hedabideen aurrean, pasa den abenduan etenaldi mugagabea iragarri zutenetik «maitasun tsunamia» jaso baitu taldeak. 2019an egingo duten Ikusi Arte Tour birako azken bi kontzertuetako sarrerak berehala agortu ziren (Navarra Arena), webgunea kolapsatu zuten zaleek eta apurka iragartzen joan diren kontzertuetan ere di-da batean ezarri da "sold out" txartela.

Berea izan da taldearen ibilbideari emateko erabakia. Eta argi azaldu ditu arrazoiak: «Ibilbidean sen bati jarraitu diogu eta sen horrek esaten zidan bazela garaia beste bide batzuk hartzeko. Pozak eta higadurak bat egiten duten momentu batean nago pertsonalki. Denbora, sobrexposizioa, ardura, autoexigentzia maila eskatzen dizu lan honek eta hortarako hiruak ehuneko ehunean egotea beharrezkoa da. Jotzeaz ez naiz aspertur, Berri Txarrakekin jotzea da gehien gustatzen zaidan gauza, baina ez dut nire burua behar besteko indarrez ikusten talde honen hurrengo urrats artistikoa, pentsatu idatzi eta gauzatzeko. Talde honek ez du diskorik egin egiteagatik edo kontzertuak lotu ahal izateko. Iraun ala bizi dikotomia. Ez gara irauteko aritu, bizi izan ditugu gauzak eta musikalki gauza asko egin ditugu», adierazi du.

Bada bestelako arrazoirik bere erabakiaren atzean. «Eta da bulkada artistiko bat. Bestela sortzen jarraitzeko ahalegin bat. Sen hori. Eta sen horrek jarri nau ataka baten aurrean. Sortzaile bezala aurre egiteko nire bizitzaren ardatza izan den taldea alde batera utzi behar dudala. Gogorrra izanagatik hori da barruak eskatzen didana. Ez nuen jarraitu nahi albo proiektuak egiten Berriren hutsarteak aprobetxatuz. Nire bizitzan artistikoki proiektu bat egin nahi dut, merezi duena denbora eskaintzea. Barruko har horrek hori eskatzen dit. Pentsatzen dut kanturik onenak etortzeko daudela».

Bidean lagun izan dituenak aipatzeaz gain, gaur egungo taldekideei esker ona adierazi die. «Erabakia nik hartua izan da, taldekideekin hitz egin ondoren. Eta eskertu nahi nuke David eta Galderren ulerkortasuna. Zailagoa da erabakia zerorrek hartzen ez duzunean eta emana zaizunean».

Hortaz, sen horri gehien gerturatzen zaion formula da etenaldi mugagabearena. Eta atea zabalik geratzen da. «Hemendik hamar urtera ez dakit zer eskatuko didan barrenak, edo zertan arituko diren David eta Galder. Musikaren bueltan seguraski baietz, ze formatutan, norekin, nola, ez dakigu. Argi neukan zerbait zen atsedena behar nuela eta distantzia hartu proiektu honekin. Trasatlantiko hau aparkatu. Hortik dator, etenaldi bat delako eta mugagabea da ez duelako itzulera datarik. Ate horrek irekita jarraituko du, bai, noski baietz. Eta horrexegatik onenean uzten dugu. Eta inportantea da oroitzpen on bat uztea».