INFO

Elkartasun horia Donostian autodeterminazioaren alde

Gure Esku Dagok deituta, 4000 pertsonatik gora izan dira gaur eguerdian autodeterminazioaren alde eta Kataluniako auziperatuei elkartasuna adierazteko egin den manifestazioan. Amaieran hainbat pertsonek hartu dute hitza, tartean Carles Puigdemonten arrebak.

Manifestazioaren burua. Juan Carlos RUIZ | FOKU

Este navegador no soporta el elemento video.


Eguerdiko hamabiak pasata abiatu da manifestazioa Groseko Katalunia plazatik, ‘Konponbidea. Democracia. Llibertat. Elkartasuna aterpe’ lemadun pankarta aurretik zuela. Etxetik elastiko, zapi edota bestelako jantzi horiekin bertaratu dira manifestari gehienak eta antolakuntzak ahalbidetu dituen aterki eta puxika horiek hartu dute Katalunia plazatik Boulevardeko kioskora bitarteko ibilbidea. Guztira, lau mila pertsona inguru batu dira Kataluniako auziperatuei babesa eman eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea helburu zuen manifestaziora.

Ibilbidea amaituta, Boulevardeko kioskoan egin den ekitaldian hainbat hizlarik hartu dute hitza, tartean gonbidatu berezi batek: Montse Puigdemont, Carles Puigdemont-en arreba eta eskubide zibilen aldeko elkarte kataluniarraren ordezkaria, propio etorri da Donostiara elkartasun oldearekin bat egitera. Kioskora igo orduko, independentziaren aldeko oihuez egin diote ongi etorria manifestariek. «Atzo Bartzelonan eta gaur hemen, eskubide zibilen aldeko ohiuz bete ditugu kaleak. Eskerrak eman beharrean nago, preso politikoak ez baitira sekula bakarrik sentitu», esanez hasi zuen Puigdemontek bere parte hartzea. Kataluniako auziperatuen senideei haien bozgorailu izatea egokitu zaiela eta ez direla lan hori egiteaz nekatuko ere esan du, «horretarako eskubidea baitugu. Hasi behar ez zuen epaiketa baten aurrean gaude, urte betetik gora igaro da ahotsa ukatu zigutenetik eta orain indartsuago eta ziurtasun gehiagorekin altxako dugu ahotsa», ziurtatu du.

Puigdemonten aurretik, Gernikako alkate eta alkateordeek, Iñaki eta Joxe Mari Gorroñok, hartu dute hitza, Kataluniako herriekin senidetuak dauden euskal herrien izenean. Auzipetuei besarkada bat bidaltzeaz batera elkar ezagutzak dakarren aberastasunean jarri dute begia eta etorkizunean ere zubi berriak irekitzearen alde lerratu dira, «etorkizun hobe bat eraikitzeko ezinbestekoa delako». Ostean, Eider Rodriguez idazlearen txanda iritsi da. Euskal Herriko alor anitzeko 68 herritarrek manifestu solidario bat plazaratu berri dute auziperatuei babesa eskaintzeko, horien artean Rodriguez, eta ekitaldian Belen Gopegui-rekin batera argitaratu zuen ‘Korrespondentziak’ argitalpeneko zati bat irakurri du. «Hitzak bahitzen dira segidan ideiak eta ondoren pertsonak bahitzeko. Hitzaren aldeko borroka lurraren aldeko borroka da. Ixilik nahi dituztelako, ezin dugu ixilik egon», dio jendaurrean irakurri duen testuko pasarte batean.

Irantzu Perello Erabakizaleak abokatuen elkarteko kideak erreferendumaren legezkotasuna izan du hizpide: «Guztiz legezkoa izan zen, suspentsioa beranduegi etorri zelako», defendatu du, eta Euskal Herriarekin paralelismoa eginez «hemen ere badugu geurea» esan eta Altsasuko gazteen kasua izan du gogoan.

Bukatzeko, Gure Esku Dagoko Anjel Oiarbidek hartu du hitza. «Erabakitzeko eskubidea mundu justuago bat eraikitzeko oinarria da. Bozkatzea konponbiderako giltza da. Eskozian, Quebecen, Ipar Irlandan, Katalunian edo hemen. Badakigu batzuek oztopoz bete nahi dutela erabakiaren bidea, baina ziur gaude, elkarlanaren bidez, herrien arteko elkarlanaren bidez, eta euskaldunon arteko elkarlanaren bidez, traba guzti horiek gainditu ahal izango ditugula».

Ekitaldia "Agure zaharra" abestuz amaitu da, Irati Odriozolak gidatuta, eta zita berrirako data ere jarri dute: martxoaren 11an, Bilboko Euskaldunan izango da erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egiteko aukera berria.