INFO

Altsasuko Oinez Basoa inauguratu dute

Hostozabalak landatu, saguzarrentzako habia-kutxak jarri, Txuspo Poyo artistaren zuhaitz etxea zaharberritu eta interpretazio kartelak jarriko dira, besteak beste Altsasun. Joan den urrian ospatu zen Nafarroa Oinezen ostean, Oinez Basoa 2018 proiektua inauguratu dute.

Inigo Aritza ikastolako bi haur Oinez Basoan zuhaitz bat landatzen.

Urrian Altsasun ospatu zen Nafarroa Oinez festaren barnean zegoen Oinez Basoa proiektua martxan jarri zuten atzo. Honen baitan, 100 zuhaitz landatu eta saguzarrentzako 30 habia-kutxa jarri zituzten, auzolanean eta elkarlanean arituz Iñigo Aritza Ikastolako gizon, emakume, haur eta gazteak.  

Ekitaldian Iñigo Aritza Ikastolako lehendakaria den Eneida Carreño Mundiñano, Nafarroa Oinez 2018ko koordinatzailea izan zen Jone Areta Urrestarazu eta Altsasuko alkatea den Javier Ollo eta egon ziren, Juan Tomas Alcalde biologoaren eta Luis Laurnagari basozainaren parte-hartzearekin Eneida Carreño Mundiñanoren hitzetan, atzokoa Oinez Basoa mustutzeko ekitaldia izan zen, baita Oinez urtea ixteko modua ere. Eskerrak eman zizkien parte izan diren erakunde, enpresa, udal eta eragile guztiei.

Halaber, Altsasuko alkateak Iñigo Aritza Ikastolari eskertu zion Nafarroa Oinez urtean zehar herriari egin dion ekarpen osoarengatik. Gainera, Juan Tomas Alcalde biologoak saguzarrentzako jarritako habia-kutxen eta ingurune horretan dauden saguzarren espezieen inguruan azalpena eman zuen, habia-kutxek ekarriko dituzten onurak nabarmenduz.

Altsasun egindako ekintzak

Egin ziren ekintzen artean, Usolarraingo inbentario naturalaren aberastasunari lagunduko dioten hostozabalak landatu zituzten. Saguzarrentzako habia-kutxak edo babeslekuak kokatu ziren Juan Tomas Alcalde biologo adituak adierazitako kokalekuetan. Esku-hartze honek balio erantsi bat du, inguru horretan Bechstein espeziea dagoela ikusi baita, eta espezie bitxitzat hartzen da banaketa eremu osoan. Tarteko tamainako kiroptero bat da, basoetan bizi dena eta bereziki hariztiei lotua dagoena. Habia artifizialak kokatzea mesedegarria izan daiteke horiek ugaltzeko.

Horretaz gain, Txuspo Poyo artistaren zuhaitz-etxea berritzeko lanak egingo dira aurrerago. Bi gelako etxe moduko bat da, eta Dantzalekuko harizti batean kokatu zen orain dela hamar urte. Egurrezko eraikin bat da, ainguratze eta amarratze sistema sortzaileez eta ohiz kanpokoez eutsia. Ez zen iltzerik erabili egitura zuhaitzari eusteko. Zuhaitz etxea instalatu eta hamar urtera, hainbat doikuntza egingo zaizkio etxea dagoen haritzari, besteak beste zuhaitza inguratzen duten uztaiak egokituz.

47.000 zuhaitz landatu dira Oinez Basoa sortu zenetik

Oinez Basoa 2008an sortu zen, Nafarroa Oinez ikastolen festak duen eragin ekologikoaz jabetuta. Festa horrek uzten duen arrasto ekologikoa txikiagotzeko helburuarekin, Oinez Basoa sortzea erabaki zen, bai konbentzimenduz bai konpromisoz, festa ospatzen den lekuan ingurumenaren kalitateari dagokion lekuko bat uzteko helburuarekin. Oinez Basoa iraunkortasunari lotutako ekimen bat da, festa iraunkorraren eredu izan nahi duena.

Ekimena abian jarri zenetik, 7 baso sortu dira guztira, Arbizu, Tafalla, Tutera, Zangoza, Baztan, Andosilla-Sartaguda eta Lesakako herrietan. Proiektu honen 10 urteko ibilbidean, arrasto solidarioa sortu du Nafarroa Oinezek: 47.000 zuhaitz landatzea lortu da Nafarroa osoan. Sortutako basoak handitu, aberastu eta gure hezitzailearentzako baliabide pedagogiko bihurtu dira urtez urte.