INFO

Unibertsitate ikasleek lekukoa hartu dute Aljeriako protestetan

Jakina zen Aljeriako erregimenak Abdelaziz Buteflika presidente gaixoa aurkeztuko zuela hauteskunde presidentzialetarako. Militarren eta FLNko politikarien arteko oreka zaila dago jokoan. Protestak egongo zirela ere jakina zen. Kontua zera da, noraino iritsiko dira? 1990eko hamarkadako gerra zibilaren mamuak irentsiko al ditu berriro ere?


Milaka gaztek bat egin zuten Aljeriako unibertsitateetan «Ikasleen Martxa Nazionalarekin», Abdelaziz Buteflika presidentearen bosgarren agintaldiaren aurka agertzeko.

1999tik hona Afrikako iparraldeko herrialdeko presidentea den Buteflikak istripu kardiobaskularra pairatu zuen 2013an eta orduz geroztik gutxitan agertu izan da jendaurrean, eta are gutxiagotan hitz egin du. Estatu frantsesean zein Suitzan ematen du denbora gehiena presidenteak, zaintza bereziak jasotzen, baina apirilaren 18rako haren hautagaitza iragarri zuten haren ingurukoek otsailaren 10ean. Ordutik hona ez da giro Aljerian; ia eguneroko kontua dira manifestazio eta protestak.

Atzokoan unibertsitateko ikasle eta irakasleen txanda izan zen. Emile Zolaren hitz famatuak bereganatuz, «Nire izenean ez!» mezua nagusitu zen. Bezperan, Buteflikaren hautagaitzarekin bat egin zuten 11 ikasle erakundek. «Gure etorkizunaren eta herrialdearen garapenaren aurkako mehatxu bilakatu den sistemaren kontra herriaren ahotsa izateko ardura daukagu», dio ikasleen komunikatuak.

Ikasleak hiriburuko Erdialdeko Fakultatean (FAC) bildu ziren baina Poliziak bertako harmailak itxi egin zituen. Ondorioz, ehunka gazte Aljerreko alde zaharrera abiatu ziren «Agur Buteflika!», «Aljeria aske eta demokratikoa!» eta «5. agintaldiari ez!» leloak oihukatuz. «1999an jaio nintzen eta Buteflika baino ez dut ezagutu presidente karguan», dio Adelek. «Gauza onak egin ditu, baina kargua uzteko ordua da», bat dator Sid Ahmed Hanoun ikaslea.