INFO

Delitu ekonomikoetarako fiskala beharrezko baliabideez hornitzeko eskatu dio Legebiltzarrak Lakuari

Gasteizko Legebiltzarrak Lakuari delitu ekonomikoen aurkako fiskala beharrezko baliabide material eta pertsonalez hornitu dezala eskatu dio, ustelkeria kasuak «eraginkortasunez» ikertu, «haren eginkizunen betetzea hobetzeko» eta diru publikoa «bidegabeki eta behar ez bezala erabiltzearen kontra borrokatzeko». EH Bilduk eraman du proposamena Legebiltzarrera.

Jone Goirizelaia, Gasteizko parlamentuan, aurreko agerraldi batean. (@ehbildu_legebil)

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Gasteizko Legebiltzarrak Lakuako Lan eta Justizia Sailari delitu ekonomikoen aurkako fiskala beharrezko dituen baliabide material eta pertsonalez hornitu dezala ustelkeria kasuak «eraginkortasunez» ikertzeko, «haren eginkizunen betetzea hobetzeko» eta diru publikoa «bidegabeki eta behar ez bezala erabiltzearen kontra borrokatzeko». Koalizioko parlamentari den Jone Goirizelaiak adierazi duenez, «guk nahi dugun Euskal Herrian gardentasunak erabatekoa izan behar du, eta entxufismoak, iruzurrak, ustelkeriak edota diru publikoaren erabilera okerrak ez dute tokirik izango».

Koalizioaren iritziz, «ustelkeriaren aurkako borrokan arituko den fiskaltza bereizia sortzea aurrerapausoa bada ere», Goirizelaiak ohartarazi du neurri hori bere horretan ez dela «nahikoa», behar besteko baliabideak eman behar zaizkiola. Horren ildotik, gogora ekarri du atzo bertan Legebiltzarrean EAEko fiskalburuak esandakoa: «Oso argi esan zigun baliabide gehiago behar direla ustelkeriarekin zerikusia duten delituak behar bezala ikertu ahal izateko».

Modu honetan, euskal administrazio guztiei eskatzen zaie «laguntzarik osatuena, azkarrena eta prestuena Fiskaltzari, epaitegiei eta auzitegiei, EAEn gertaturiko ustelkeria politikoko kasuen salaketa, ikerketa eta epaiketetan». Batez ere, eskatzen zaien informazio oro «ahalik eta modurik azkarrenean eta osatuenean bidalita, bereziki foru aldundiek, aintzat hartuz zergen alorrean dituzten eskumenak eta bitartekoak».

Halaber, Lakuari galdegiten zaio «ustelkeria delituen kontra Ertzaintzak erabiltzen dituen baliabide materialak eta giza baliabideak berehalakoan areagotu ditzala, eta ugaritu ditzala, orobat, delitu horiek ikertzen diharduten ertzainak, behar bezala prestatu eta gaitu ondoren».