INFO

Larraña Etxea, nazioarteko babesa eskatzen dutenak hartzeko eredu ona

Duela bost hilabete ireki zenetik, Oñatiko Larraña Etxeak 104 lagun hartu ditu, 22 nazionalitatetakoak. Nazioarteko babesa eskatzen dutenei lehen harrera egoki egiten dien egitasmo bat da, sendotzen ari dena eta elkarlanean oinarritua. Pozik daude horregatik.


Joan den urrian ireki zuten Oñatiko Larraña Etxea, instalazioak egokitzen hiru hilabete eman ondotik, behar bati erantzuteko asmoz: nazioarteko babesa eskatzen duten eta euren egoera argitzeko zain dauden pertsonentzat lehen harrerako zentro izatea. Babes-eskatzailea onartua izateko tramiteak sei eta hamabost hilabete artean luzatzen dira, eta lagun horiek galduak egoten dira denbora horretan, ia baliabiderik gabe, laguntzarik gabe edo lan eta jendarte mailan integratzeko aukerarik gabe. Horri irtenbidea emateko ehun plaza ditu zentroak. Behar izanez gero, gehitu ahal izango lirateke.

Etxearen kudeaketa CEAR Euskadiren eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren artean zuzentzen dute, Lakuako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin harremanetan. Horrez gain, Oñatiko Udalarekin zein errefuxiatu eta migratzaileenganako elkartasuna bultzatzen duten tokiko erakundeekin eta plataformekin garatzen ari da.

Berri onak ez dira albiste

«Bost hilabeteotan zentro hau ez da albiste baten arrazoia izan, berri onak ez direlako albiste izaten. Geure burua zoriondu behar dugu honengatik. Zentro hau, orain arte, egoki jarduten ari da», adierazi zuen Jonan Fernandez Giza Eskubideen idazkari nagusiak hedabideei etxea erakusteko bisitan.

Bost arrazoi eman zituen: «Lankidetzarako esparru publiko-sozial egokia da, Udalaren koordinazioa ona da, tokiko eta boluntariotza erakundeak inplikatzen ari dira, auzokideen harrera abegitsua da eta erabiltzaileek integrazioaren aktore aktibo izateko jarrera dute».

22 nazionalitatetako 104 pertsona hartu dituzte dagoeneko eta egun 83 lagun bizi dira. Profil nagusia honakoa da: gizon gaztea, Saharaz hegoaldeko Afrikatik etorria. Adin txikikoak dituzten lau familia ere bizi dira. Jateko, lotarako eta espazioa izateko aukera emateaz gain, arreta juridikoa, osasunekoa, hizkuntza ikasteko laguntza, errolda, aisialdia eta prestakuntza ere jasotzen dute.