INFO

Itzali dute Muskizeko sutea

Tamaina handiko sute batek Muskizeko Carrascal auzoko mendi bat kiskali du, baina gaur goizaldetik kontrolpean zute suhiltzaileek eta 07:50etarako guztiz itzalita. Hainbat bizilagunek haien etxea utzi behar izan dute eta A-8 autobidea ere itxi egin da hainbat ordutan.

Kalte larriak eragin ditu Muskizeko suteak. (@BomberosBizkaia)

Lakuako Segurtasun sailak azaldu duenez, suhiltzaileek kontrolpean dute Muskizeko sutea, baina lanean jarraituko dute zonaldean datozen orduetan. Sua atzoko 19:20ak aldera piztu zen, Carrascal auzoko mendi baten magalean, zuhaitz ugari dagoen zonalde batean. Badaezpada, hainbat etxe eta baserri hustu egin zituzten. Muskizeko Udalak herriko polikiroldegia ireki zuen pertsona hauek hartzeko. 

Haize bolada bortitzeko suaren kontrako lanak zaildu egin dituzte eta 21:30ak aldera N-634 errepidea eta A-8 autobidea ixtera behartu zituen. Goizaldean, 01:15 aldera, bi errepideak berriz ere ireki egin dituzte. Ertzaintza ari da gertatutakoa ikertzen, baina Borja Liaño alkateak aurreratu du, ustez, norbaitek nahita sortutakoa izan dela.

Bizkaiako Aldundiak jakinarazi duenez, 07:50ak aldera itzalita zegoen sua.

Muskizen bertan, 19:50ak aldera, beste sute bat piztu zen Pobeña auzoan, 04:10ak aldera itzalia izan dena, eta Katean, 22:30ak aldera kontrolpean zutena. Ortuellan, berriz, 20:25ak aldera jaso zen  abisua, golf zelaitik gertu zegoen zonalde batean piztutako sutearen ondotik. 22:30ak aldera itzali zuten. Era berean, Igorren ere hainbat pertsona atera behar izan dituzte haien etxeetatik, baina sua 04:50ak aldera itzali dute.

Eibarren ere, beste zortzi lagunek haien etxea utzi behar izan dute, mendialdean sortutako beste sute bat dela-eta.

Beran eta Lesakan, suak piztuta jarraitzen du

Atzo piztutako su ugarien artean, Lesaka eta Berakoak oraindik ere aktibo jarraitzen dute, nafar Gobernuak azaldu duenez. 21:55ak aldera jakinarazi zuten Lesakako Zelain auzoan, mendian, su piztu zela. Era berean, 00:30ean Beran itzalitako su bat berpiztu zen, Kalue auzoan.