Aukeran eta Euskaltzaindiak ekoitzitako ‘Biz hitza’ ikuskizuna Loraldian estreinatuko da
‘Biz hitza’ ikuskizunak euskararen bilakaera kontatzen du dantzaren bitartez. Aukeran Dantza Konpainia eta Euskaltzaindiaren arteko ekoizpena da eta martxoaren 16an estreinatuko da Arriaga Antzokian, Loraldia Festibalaren baitan. Xabier Paya kulturgilearen gidoian oinarritua, Aitor Etxebarriak musika burutu, Ainhoa Aierbe zuzendaritza eszenikoaz arduratu eta Aukeran taldeak koreografiak sortu ditu.
Aukeran Dantza Konpainiaren ‘Biz hitza’ ikuskizun berria aurkeztu da gaur prentsaurrekoan Arriaga Antzokian. Aurkezpen honetan parte hartu dute: Edu Muruamendiaraz, Aukeran Dantza Konpainiako zuzendari eta sortzailea; Andres Urrutia, euskaltzainburua; Aitor Etxebarria, musikaria; Xabier Paya, gidoiaren egilea; eta, Imanol Agirre, Loraldia Festibalaren zuzendari artistikoa. Aukeran Dantza Konpainiak bigarrenez estreinatzen du ikuskizun bat Loraldia Festibalaren programazioaren baitan. Izan ere, 2016an, ‘Maurizia’ ikuskizuneko lehenengo emanaldia Loraldian eskaini zuen.
‘Biz hitza’ ikuskizunak munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez. Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatzeko abiarazi dituen egitasmo artistiko-kulturalen baitan dago ideiaren abiapuntua.
Euskararen Akademiak hizkuntzarekin zerikusia duen dantza pieza bat sortzea eskatu zion Aukeran Dantza Konpainiari, eta elkarlan horren emaitza da ‘Biz hitza’.
Ikuspegi artistiko eta sormenari dagokionez, Edu Muruamendiaraz da ikuskariaren zuzendaria eta lantalde anitza dabil elkarlanean: Xabi Paya kulturgileak gidoia idatzi eta Aukeran Dantza Konpainiak koreografiak sortu ditu; Aitor Etxebarria musikariak sortu du musika; Ainhoa Aierbe zuzendaritza eszenikoaz arduratu da eta jantziak Oskar Armendarizek egin ditu.
Aukeran Dantza Konpainiako bederatzi dantzari ibiliko dira oholtza gainean: Garazi Egiguren, Ander Errasti, Eneko Galdos, Ione Iriarte, Ekain Kazabon, Oier Laborde, Maier Muruamendiaraz, Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudun.