INFO

Burujabetzarako «orube komuna» sortu asmo duten jardunaldiak egingo dituzte

Apirilaren 9tik 11ra «Bizitzak eta Lurraldeak» izeneko jardunaldiak egingo ditu Transform Europe sareak Bilbon. Euskal Herriaren burujabetzari loturiko esperientzia komunitarioak saretzea izango dute xede.


Transform Europe sareak «Bizitzak eta lurraldeak» izeneko jardunaldiak antolatu ditu apirilaren 9 eta 11 arterako, Iratzar Fundazioarekin, Olatukoopekin, EHUrekin eta Parte Hartuz-ekin elkarlanean. Euskal Herria proiektu eraldatzaile eta komunitarioen tradizio luzeko lurraldea izaki, «autoritarismoaren eta faxismoaren gorakadari» aurre egiteko proiektu horien artean «orube komun» bat pentsatzea izango da jardunaldion helburua.

Iratzar Fundazioko Elena Belokik, Sortuko Pello Otxandianok eta Olatukoopeko Beñat Irasuegik Donostian aurkeztu zuten ekimena atzo. Jardunaldietako atal gehienak Bilboko Bizkaia Aretoan egingo dira, jarduera zehatz batzuk izan ezik.

«Garai zailak datoz –abisatu zuen Otxandianok–: Autoritarismoa, aldaketa klimatikoa, Estatu espainiarraren eta frantsesaren krisiak dira horren erakusle, eta, horri aurre egiteko, burujabetza materialaren eraikuntza abiatu behar dugu, komunitatetik».

«Behetik gorako logikak» abiatzearen garrantzia azpimarratu zuten, eta, horretarako, esparru desberdinetan aritzen diren eragileak elkartuko dira Bilbon, «Euskal Herrian burujabetzaren inguruan ematen diren hainbat diskurtso sintonian jarriz». «Merkatuaren logikei» eta «Estatuen burokraziari» espazioa kendu asmo diete. Izan ere, esan zutenez, «Euskal Herria esparru aitzindaria da» burujabetzaren arloan.

Nagusiki, hiru lan-lerro garatuko dituzte Bilbon: ekonomia sozial eraldatzailea, tokian tokiko garapena eta tokiko gobernantza edo udalgintza. Estrategiak pentsatuko dituzte, hiru esparru horiek «nola bihur ditzakegun komunitate emantzipatu bat lortzeko tresna» asmatzeko.

Jardunaldiak Euskal Herriko egungo egoeraren azalpena emango duen mahai-inguru batekin abiatuko dituzte baina, ohartarazi dutenez, egun «praktikoak» izango dira, eta bertako nahiz atzerriko esperientziak partekatuko dira. Kasurako, Eleonora de Majo Napoliko udal zinegotzi eta aktibistak, Ulrik Kohl Kopenhageko zinegotziak, Susanne Schultz Alemaniako Rosa Luxemburg Fundazioko kideak eta Joan Subirats Bartzelonako Udaleko aholkulariak hartuko dute parte.

Baionan, Plaza Hutsa

Bestalde, Eukal Herrian martxan dauden praktika komunitarioak aurkeztuko dira larunbatean Baionan, Iratzar Fundazioak antolatutako Plaza Hutsa ekimenean. Bertan, elikadura burujabetza, energia burujabetza eta moneta eta finantza burujabetza aztertuko dira.