INFO

Hezkuntza ministroak asmatutako eztabaidak ez du klimaren aldeko mobilizazioa geldiaraziko

«Greta Thunbergenen hitzek oihartzuna ukan dute euskal gazteriaren baitan eta berak mundu mailan zabalduriko greba deialdiak erantzuna ukanen du ostiralean baita Ipar Euskal Herrian ere». Maider Hastoyen hitzak dira. Angeluko Cantau lizeoan ikasten duen gazteak azaldu duenez «agintarien jokabide pasiboaren aitzinean larrialdi klimatikoa eta sozialari buruz galdetzeko unea da». 08.30etatik goiti ikasleek karrikak hartuko dituzte Baionan.

Klimaren aldeko ikasle mugimenduko kideak, Baionan.

16 urteko gazte suediarraren ekimenarekin bat eginez Hexagonoko hamar bat ikaslek klimaren aldeko manifestatua izenpetu zuten iragan hilabetean. Hamar sinatzaileen artean euskal ikasle bat zegoen: Johan Riviere. Baionako Rene Cassin lizeoko ikasleak orduan nabarmendu zuenez, deialdiak berehala erantzun baikorra ukan zuen Ipar Euskal Herrian, Lapurdin bereziki.

Besteak beste Bernat Etxepare, Cantau, Louis de Foix eta Armand David lizeotako ikasleek bat egin zuten greba eguna sostengatzeko orduan. Geroztik atxikimendu berriak heldu zaizkie, gehienetan fridaysforfuture.paysbasque (instagram) @fridaysforfuturepaysbasque (facebook) edo @forbasque (twitter) kontuen bitartez. Sare sozialak mobilizazioa prestatzeko ezinbesteko tresna bilakatu dira.

Ostiraleko mobilizazioari begira baikor da Maider Hastoye, mugimenduaren bozeramailea. «Mundu zabalean bezala, Ipar Euskal Herrian ere adin guztietako ikasle gazteak elkartu eta formatu dira Greta Thunbergerek bota zuen greba deialdiari erantzun baten emateko».

Hain zuzen ere, mugimenduak hartu duen itzal handia ikusita, Jean-Michel Blanquer frantses Hezkuntza ministroak «azken orduko» proposamen bat jarri zuen, atzo, mahaigainean.

Karriketan mobilizatu ordez lizeoetan aldaketa klimatikoari buruz eztabaida sustatzea planteatu zuen ministroak. Are, gutun baten bidez ostiral arratsaldean «lizeo guztietan» eztabaida saioak antolatzeko agindua eman zuen.

Ikasleen ustez, Blanqueren proposamena «komunikazio ekimena» besterik ez da. «Lizeotako irakasle askok bat egin dute mobilizazio ekimenarekin eta zaila ikusten dugu horrelako saioa azken unean antolatzea, ez gara eztabaidatzearen kontra baina aitzinetik landutako egitarauarekin segitzea da gure lehentasuna», azaldu du Luzio Lizarralde-Paponek, gazte mugimenduko beste bozeramaleetako batek. 

Sistemaren eraldaketa

Cassin lizeoko ikaslearekin bat dator Maider Hastoy. Bere erranetan «klimaren galdera gure gizartearen erdigunean izan behar luke aspalditik, eta ondorioz gure eskoletako programetan». Antza denez, Hezkuntza ministroak «presaka eta korrika» asmaturiko egitasmoari ez diote sinesgarritasun handirik aitortzen «aldaketa klimatikoa saihesteko sistema eraldatzea» ezinbestekotzat jotzen duten gazteek.

Euskal ikasleek hitzordu bat eman dute ostiralerako Baionan, Cassin lizeoaren parean  08.30ean. Ibilbide «alai eta animatua» egingo dute bertatik, klima larrialdiari buruzko mezua entzunaraziz Herriko Etxea eta Suprefeturaren egoitzen inguruetan. Mobilizazioa Departamenduko Kontseilu Orokorreko eraikinaren aitzinean bururatuko dute. Handik hurbil, Roland Barthez zabalgunean, hain zuzen, piknika antolatu dute martxa giro onean amaitzeko.

«Guretzat garrantzitsua da eguna gure engaiamendu eta aldaketa borondatearen adierazle izatea», laburbildu du Lizarralde-Paponek.

Horregatik bazkalostean ingurumenari buruzko hainbat jarduera antolatu dituzte «gure ezagutzak sakontzeko eta partekatzeko aukera ukan dezagun».