Gazte borrokari bulkada berri bat emateko gogotsu doaz Bilbotik Topagunera
Bilboko hainbat gazterekin egon gara Gazte Topaguneari buruz hitz egiten, batzuk lehen aldiz joango dira aurten, eta beste batzuk hainbat urte daramatzate joaten. Baina guztiek gazte antolakundearen 40. urteurrena ospatuko den edizio honen bereizgarritasuna azpimarratu dute.
Gazte Topagunea Lemoan ospatuko da aurten, apirilaren 19tik 22ra. Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek ‘Askatasun bulkadak independentziara’ lelopean antolatu dute aurtengo udaberriko ekimena. Izan ere, edizio berezia izango da aurtengoa, gazte antolakundearen sorreraren 40. urteurrena ospatuko delako. Bilboko hainbat gaztek gazte topagunearen inguruko ikuspuntua eman digute.
Alazne Varona, 2013an joan zen lehen aldiz topagune batera, 16 urterekin. Urduñan izan zen urte horretako edizioa, eta hortik aurrera ia topagune eta gazte martxa guztietan egon da. Azken urteetan, Ernaiko militantea izanik, antolakuntza lanetan egon da, gehien bat barra txandetan eta montajeetan.
Aurten, topagunera joango diren nazioarteko taldeei harrera egiten ibiliko da. «Guretzat, atzerriko antolakundeekin hartu-emana oso aberasgarria da», dio Alaznek.
Xabier Suarez, 17 urteko gaztea, Gazte Topagunera joango den lehen aldia izango da aurten. «Iruditzen zait gazteak batzeko modu ikaragarri polita dela eta formakuntzarako eta aisiarako espazioa eskaintzen digula Euskal Herri honen alde borrokan ari garen guztioi. Bulkada berriak garen gazteon asistentzia ezinbestekoa da. Irrikitan nago apirilaren 19a heltzeko», dio Xabierrek.
Ikasle mugimenduan darama pare bat urte eta, orain, Ernaiko kidea da ere. Bestalde, Eztanda musika taldeko abeslarietako bat da, eta Mugalari taldearekin batera Bilboko bulkada egunerako kantua egin dute.
Gorka Elua, 22 urteko deustuarra, lehen aldiz joango da Topagunera. «Datak beti kointziditu dit familiarekin egiten ditudan oporrekin, baina aurten, gazte antolakundearen 40. urteurrena izanik, ezinbestekoa iruditu zait Lemoara bertaratzea», dio.
Ernain militatu ez arren, auzoko beste eragile batzuetan parte hartzen du, eta Topagunean txandaren bat egiteko asmoa dauka.
Maialen Gago, 23 urteko gaztea, bere auzoko gazte asanbladan eta Txantxiku aisialdi taldeko kide da. Azken urteko topaguneetan egondakoa da, batzuetan topagune osoan eta egun-pasan beste noizbait. «Udaberriko oporraldian galdu ezin dugun plana bihurtu da koadrilan azken urteotan, eta gainera, aurten 40. urteurrena izanik, ezin dugu galdu», dio.
Ibai Kortabitartek 25 urte ditu, eta Zukgua prozesuan parte hartu ondoren hasi zen Ernain. Urduñako Gazte Danbada izan zen parte hartu zuen lehenengo topagunea eta, hortik aurrera, edizio guztietan egon da. Aurreko antolaketan inoiz ez egon arren, bertan mota guztietako txandak egin ditu beti, bereziki barra txandak eta segurtasun txandak.
Lemoan ospatuko da aurten Gazte Topagunea, Bilbo Handitik gertu. Elkarrizketatu gehienen ustez, honek eragina izango du egongo den pertsona kopuruan. Gainera Ibaik nabarmentzen duenez, Topagune osora joango ez den jendeak oso erraz izango du egun bakar batean bertaratzeko.
Alaznek, oraingo erronka urrunago dagoen jendea erakartzea dela dio, «bereziki Nafarroakoa eta Iparraldekoa».
Lau egunetan zehar milaka gazte batuko dira Lemoan. Hitzaldiak, mahai-inguruak, kontzertuak, tailerrak... egitarau zabal eta anitza izango du. Ibaik herri osoan sortzen den «giro ikaragarria» eta bertan gazteak «esperientziak konpartitu, elkar ezagutu, formatu eta ondo pasatzeko» aukera nabarmentzen du.
«Euskal Herriko txoko guztietako gazteak ezagutzeko aukera paregabea iruditzen zait. Esperientzia oso aberasgarria da, ez bakarrik aisia aldetik, baizik eta formakuntza aldetik ere bai», dio Alaznek.
Baina hau ezinezkoa izango litzateke ehunka militante eta boluntarioen lana gabe. Hainbat dira Gazte Topagune bat antolatzeko egin beharreko gauzak: lekua eta baimenak lortu, azpiegitura osoa lortu (txosnak, eszenatokiak, guneak, dutxak...), montajea, barra txandak, segurtasun txandak... Ibaik dioenez «lan gogorra da, baina oso aberasgarria aldi berean, egiten dugun horretan sinisten dugulako».
«Nabarmentzekoa da nola euskal gazteriak urtez urte, modu autogestionatu batean horrelako zerbait antolatzeko gai den», dio Gorkak.
40. urteurrena
Aurten, gazte antolakundearen 40. urteurrena izanak, bereziago egingo du Topagunea. «40 urte ez dira egunero betetzen, esperantza asko ditugu gazteria batzeko, eta belaunaldi desberdinetako jendea harremanetan jartzeko. Baita belaunaldi berriek indarra hartzeko etorkizunari begira», dio Alaznek.
Maialenek «orain arte egindako borrokan berretsi eta beste hainbat urtez borrokan jarraitzeko» indarrak biltzeko momentu «aproposa» dela nabarmentzen du.
«Gazteek motibo dezente ditugu kalera ateratzeko eta borrokan jarraitzeko», gaineratzen du Gorkak.
Xabierrentzat aurtengo Topaguneak «borrokarako grina» piztuko die hainbat gazteei.
Gazte antolakundearen bilakaera kontuan hartuta, aurreko udan ‘Bulkada berrien garaia da’ kanpaina jarri zen martxan. Kanpaina horren barruan, gazte antolakundearen historiako belaunaldi desberdinetako jendea batzeko eta elkar harremantzeko asmoz, bazkariak edo afariak antolatu dira Euskal Herriko hainbat herri eta auzoetan.
Gorkarentzat «ikaragarria» izan zen topaketa hori: «Militante ohiekin kontaktuan jarri ginen, eta bizi izan zituzten urte zailak kontatu ziguten, errepresioa, atxiloketak, jazarpen politikoa...»
«Oso berezia izan zen horrenbeste jende elkartzea egun horretan, oso positiboki baloratzen dut», dio Ibaik. Aurtengo edizioa gazte borrokari «bulkada berri bat emateko» antolatzen da.
Elkarrizketatutako gazte bilbotarrek, gazteen egoera eta etorkizuna «kaskarra» ikusi arren, azken urteetan «gero eta hobeago» ikusten dute ere gazte mugimendua.
Maialenek gazte asanbladen eta talde feministen «saretzeak» nabarmendu ditu.
«Bilbon gazte asko daude antolatuta, esparru ezberdinetan, auzoz auzo gaztetxe eta gune autogestionatu berriak sortzen ari dira… Asko dago egiteko baina oinarri ona dago ezarrita», nabarmendu du Ibaik.