Mexiko, Korrikaren etorrerarako prestatzen
Munduko txoko askotara heltzen dira Korrikaren pausoak. Mexikon adibidez, Euskal Herrian bezala, bi urtetik behin hartzen dute euskararen aldeko lekukoa, eta bideoan ikusten denez aurtengo ediziorako dena prest dute.
Mexikoko Euskal Etxea 21. Korrikaren ediziorako prestatzen ari da. Etxepare institutuari esker Mexikon euskara ikasten ari diren ikasleak antolaketa lanetan murgilduta daude eta bideo honen bidez, Mexikon bizi baina euskararekin harremana duten herritar guztiak deitu nahi dituzte Mexikon egingo duten lasterketara. Aurreko edizioetako Korrikaren irudiak ikus daitezke sare sozialean bidez zabaldutako bideoan.
Euskal Herrian apirilaren 4ean abiatuko da Korrika Garesetik. Hamaika egunez Euskal Herria alderik alde eta arineketan igaro ostean, Gasteizen aurkituko du amaiera euskararen aldeko lasterketak. Gau eta egun gelditu gabe, bi mila kilometro baino gehiago egingo dituzte bertan parte hartuko duten milaka partaideek. Abiapuntutik helmugara eskuz esku bidaiatuko du lekukoak, eta baita barruan gordeko duen mezuak ere.
Aurten «Klika» izango du lelo; izan ere, «Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea», nabarmendu zuten Korrikaren lehen agerrladi publikoan. Era berean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari, idazle eta politikari izandakoa omenduko du kilometro bakoitzean Korrikaren edizio honek.
Trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahasten dira aurtengo ediziorako aukeratutako abestian. Fermin Muguruza, Mad Muasel eta La Furia dira aurtengo edizioko interpreteak. Musika, aldiz, Kataluniako Chalart58 eta Fermin Muguruzak sortu dute elkarlanean.