INFO

Euskarak eta euskaldunek pairatutakoaren egia, aitortza eta erreparazioa aldarrikatu du EHEk

Euskal Herrian Euskarazek ‘Egia, aitortza eta erreparazioa euskaldunontzat. Egia, aitortza eta erreparazioa euskararen herriarentzat’ manifestua aurkeztu du Donostian egindako ekitaldian, «euskaraz bizi nahi izateagatik hamarkadetan pairatutako bortxa ukaezina» mahai gainean jartzeko.

"Egia, aitortza, erreparazioa euskaldunontzat" izeneko ekitaldi bat egin du Euskal Herrian Euskarazek. (Juan Carlos RUIZ / AFP)

«Ekimenaren helburua hamarkadetan zehar euskaraz bizi nahi izateagatik euskaldunok pairatu dugun jazarpenaren egia, aitortza eta erreparazioa eskatzea da», azaldu du Euskal Herrian Euskarazek Donostian egindako ekitaldian. Bertan izan dira euskalgintzako hainbat eragile eta ‘Egia, aitortza eta erreparazioa euskaldunontzat. Egia, aitortza eta erreparazioa euskararen herriarentzat’ manifestua aurkeztu dute.

«Inork ez dio bere lehen hizkuntzari uko egiten ez bada derrigortua, ez bada bortxaren bidez bere arbasoen hizkuntza ahaztera behartzen. Inork ez du bere jatorrizko hizkuntza albo batera uzten sufrimendurik gabe», gehitu dute. Eta hizkuntza bat kentzea, «hizkuntza arrotzaren bat inposatzeko lehen pausoa» dela gaineratu.

Munduan izan diren «linguizidio» horietako bat euskararena izan dela azpimarratu dute. «Zorionez, erabat gauzatu ez den linguizidioa. Euskara euskaldunok mendeetan zehar pairatutako zapalkuntzaren emaitza da egun bizi dugun errealitate soziolinguistikoa», adierazi dute. Eta Euskal Herriko gatazka politikoaren baitan kokatu dute.

Hori dela-eta, «egia, justizia eta erreparazioa» eskatu dute euskaldunentzat. «Euskararen eta euskal hiztunon aurka espainiar eta frantziar estatuek inposatutako legedia eta erabakiak, ezarritako hizkuntza-politika eta hauen inplementazio praktikoan erabilitako neurri, modu eta praktika zehatzak ikertuko dituen ikerketa independiente, integral eta sakona eskatzen dugu».

Era berean, «instituzioek, eragileek eta pertsonek egindako kaltea aitortzea» aldarrikatu dute. Eta kalte horren erreparazioa «euskararen berreskurapen osotik» iritsiko dela nabarmendu. Horretarako, «burujabea izango den hizkuntza-politika garatzea» defendatu dute eta Madril eta Parisi Euskal Herria «euskara berreskuratzeko egiten ari den ahalegina ez dezatela oztopatu» exijitu diete.