INFO

Mertxe Aizpurua: «Eskubideak errespetatzeko eta egikaritzeko erabakigarriak izango gara»

Mertxe Aizpuruak, Kongresurako EH Bilduren Gipuzkoako hautagaiak, Juan Karlos Izagirre diputatu nagusirako hautagai eta Oarsoaldeko hainbat kargu publiko Pasaian izan dira gaur. Bertan, EH Bilduk Madrilen «ordezkaritza indartsua» izateak duen garrantzia nabarmendu dute eta sinetsita agertu dira: «Asko izango gara. Eta garrantzitsuagoa dena, erabakigarriak izango gara».

EH Bilduren ordezkariak Pasaian izan dira gaur. (EH Bildu)

Pasaiako badia bisitatu du gaur Mertxe Aizpuruak, Kongresurako EH Bilduren Gipuzkoako hautagaiak, Juan Karlos Izagirre diputatu nagusirako hautagai eta Oarsoaldeko kargu publikoekin batera. «Hamarkadetan agintari politiko ia guztiek eta instituzio nagusiek abandonatuta daukaten inguruan gaude gaur», adierazi du Aizpuruak.

«EH Bilduk Madrilen ordezkaritza indartsua izatea da herri honen eta euskal herritar guztien interesak defendatuko direnaren bermea», gehitu du. Eta horretarako, Madrilen ezkerreko subiranisten ordezkaritza indartsua izatea ezinbestekotzat jo du.

«Aspaldian esaten ari gara, horrela izango delako. Espainiako estatuko subiranista aurrerakoiekin egindako akordioari esker, asko izango gara Madrilen. Eta garrantzitsuagoa dena, erabakigarriak izango gara», azpimarratu du hautagai gipuzkoarrak. «Egiazko demokrazia, herri eta euskal herritar gisa ditugun eskubideak errespetatzeko eta egikaritzeko eta justizia sozialean eta lan eta bizi baldintza duinetan oinarritutako jendarteak eraikitzen joateko, erabakigarriak izango gara».