INFO
Entrevista
IKER IRRIBARRIA
ASPEKO Aurrelaria

Iker Irribarria: «Iruditzen zait agian nire esentzia berreskuratu dudala»

Dena joan da arrapaladan, ziztu bizian, Iker Irribarriaren kirol ibilbidean. Historiako Buruz Buruko txapeldunik gazteena izan zen, Binakakoan ere halatsu, baina pilotaren B aldea ere ikusi du, garaipenek laguntzen ez duteneko garai hori. Helduago, lasaiago eta isilean gogor lan eginez, emaitza onak ere itzuli dira, eta kantxan, eta kantxatik kanpo ere, berriz gozatzen ari da aramarra.

Este navegador no soporta el elemento video.


Final baten atarian egonagatik, lasaitasuna, patxada, konfiantza darizkio berriz ere Iker Irribarriari. Kantxatik kanpo ere nabarmen igartzen zaio frontoi barruan izan duen garapena.

Badakigu halako egunak ez dituzula gehiegi maite, baina finalean egoteagatik bada...

Bai, azkenean final batean egoteagatik, aspaldi halako egun bat pasa gabe nengoen eta azkar pasako da.

Baina horren aspaldi ere ez da final bat jokatu zenuela, ala?

Bai, hori da, urte eta erdi pasa da eta horixe ematen zuen, ez zela behin ere etorriko. Eta bai, nahiko luzea izan da, baina normala da urte bat-edo mailaz baxuago ibiltzea ere, baina iritsi gara beste final batera eta ea irabazten dugun.

Irribarria itzuli dela entzun dut. Inoiz joan al da?

Joan ere ez naiz egin, hortxe egon naiz, saiatzen. Azkenean nire arazoei buelta eman nahian beti jarraitu izan dut lanean. Nire maila gorenetik urruti samar ibili naiz eta emaitzak ere halaxe izan dira.

Arazo hitza aipatu duzu. Hala sentitu duzu?

Tira, arazoak egunero ditugu, handiagoak, txikiak. Joko arazoa baino gehiago, igual izan da ez dudala nire armarik indartsuena erabili. Azkenean, esentziarena esaten dudanean... azken urte honetan bai ibili naiz dominatzeko zain, nik kolperik eman gabe… azkenean kolpea da nire armarik fuerteena eta hori erabili gabe aritu naiz, eta hori izan da arazoa; esateko era bat da.

Final guztiak bat-batean heldu ziren. Errazegi agian?

Bai, sentsazioa halakoxea izan da. E dut esango lanik egin gabe, ez delako horrela, baina bai agian lana egiteko denborarik gabe. Urtebetean ia hiru final izan ziren, azkar bai. Orain konturatzen zara zenbat kostatzen den final batera heltzea, besteek ere jokatzen dutela, gorabeherak izaten direla…

Gertatu zitzaizun guztia asimilatzeko ere denbora beharko da.

Nik bakarrik ez, azkenean denek asimilatu behar dugu nik egindakoa. Prentsan ematen zuen betirako txapeldun bat nintzela, urtero finala jokatu behar nuela eta hori ez da hala. Azkenean onenek ere huts egin dute, eta onenek huts egin badute, nik huts egitea ere normala da.

Azken urte eta erdi honetan tontakeria asko entzun dituzu?

Bai, entzuten dituzu. Azkenean kanpoko gauzak dira eta zuk zurearekin segitu behar duzu, ingurukoekin ahalik eta ondoen eramaten eta betiko konfiantzazko jendearekin. Entzun egiten dituzu eta entzun beharko dituzu eta kazetari berak esanda ere bai. Azkenean ez da lan erraza gurea ere, baina hori ere jokoaren parte da. Loreak ere entzun ditut eta loreekin batera etortzen dira astakeriak ere.

Minduta dirudizu; prentsa irakurtzeari utzi diozu?

Nik prentsa apenas irakurtzen dut, ez ondo jokatzen dudanean, ezta gaizki jokatzen dudanean ere. Azken urte honetan gauza gogorrak entzutea ez da ederra izan, erraza ere ez, baina azkenean norberaren analisia ere ona izaten da, autokritika egin eta pixkanaka konfiantzazko jendearekin aztertzeko. Prentsarena azkenean iritzia izaten da eta iritziak askotan min egiten du.

Zurea zer izan da, garapen fisiko bat, mentala, ala biak agian?

Biak azkenean. Etsita zaudenean bide berriak probatu behar izaten dira, gauzak aldatu, eta nik uste aldaketa ona ikusi dela, bai kantxan bai kantxetatik kanpo. Azkenean kirola kirola da, bizitza askoz zabalagoa da kirola baino eta pilotaria zarenean kirola bizitzara eramaten da eta, bai, gauzak nahasten dira.

Zer aldatu duzu?

Ohiturak, prestakuntzak… Azkenean detaileak dira, detaile txikiak, baina hor goian zaudenean detaile txiki horiek kalitate bat ematen dute, eta pixkanaka-pixkanaka lanean sinistu eta ea mailaz igotzen naizen.

Fisikoki ere aldatu zara?

Bai, hala esan dute denek. Nik ez dut nabaritzen, baina duela urte batzuetako argazkiren bat ikusten badugu, bai antzematen da finago gaudela; lanketa bat egon da hor, koordinatuago ikusten dugu geure burua, azkarrago defenditzen, bat eta beste. Azkenean lanketa bat da, badakigu beti kostako zaidala, hori dela nire ahuldadea, baina landuta ea tope horretara heltzen garen.

Asko zaindu behar?

Zaindu, zaindu... bai, bai, kentzen dituzu txorakeriak, azukreak-eta ahal baldin bada. Amonaren etxean bazkaltzen dut egunero, garbi jaten dut, baina asko ere bai; azkenean, erre ere erretzen dugu eta behar dugu.

Jokoan ere antzematen da aldaketa, gantxoarekin esaterako...

Bai, azkenean arlo teknikoa ere landu dugu; saiatzen gara Etxanizekin eta lantzen, baina konfiantzan ere badago aldea. Hortik aparte iruditzen zait agian esentzia berreskuratu dudala, bai ematen diodala pilotari atzera gehiago, lantzen ditudala tantoak, saiatzen naizela defendatzen eta, horretaz aparte, aukera dagoenean aprobetxatzen. Egia da azken partidetan asmatu dudala gan- txoarekin, baina Bilbon esaterako, lehen zatian ez nuen asmatu; ez dago formularik bai edo ez asmatzeko. Lanketa bat da eta egun batzuetan irteten dira eta besteetan ez, eta orain bolada ona aprobetxatzen saiatu behar.

Hala ere, momentu txarrenetan ere beti mantendu izan duzu hasi zinenean baino pilotari hobea zarela. Emaitzek ez zuten laguntzen hori hala zela erakusten; orain alde dituzu.

Bai, nik uste lanaren fruituak poliki-poliki agertzen direla. Bai igual hasieran ez nituela partidarik onenak egin, baina partida onenak egin gabe ere irabazi ditut partidak eta galdutakoak ere izan dira 18-20 egindakoak. Azkenean, hor ere lanketa bat dago, egun onena ez duzunean lanean jarraitzea, pilota gutxi galtzea... eta horretan aurrerapauso bat eman dugu.

Unerik txarrena, akaso, Lau eta Erdikoa izan zen?

Bai, azkenean udatik dinamika positibo bat izan dugu, pixkanaka- pixkanaka hobeto eta hobeto. Lau eta erdian partida kaskarra irten zen, tentsioa ere bazegoen, eta hor ere lanketa bat egon da eta orain presiodun partidetan, ikusi da finalerdietan, nahiko lasai egon naizela, nire mailatik gertu. Kolpe bat izan zen, baina gauza onak ere egon ziren partida hartan, aurreko urtean egingo ez nituzkeenak eta gauza positiboak atera behar.

Esaterako?

Ba, mugimenduak, azkarrago nenbilen. Pilota asko galdu nituen, baina defendatzeko era beste bat izan zen, eta gero meriturik ez zaio kendu behar Daneli, Lau eta Erdian espezialista handia da. Baina gauza positiboak atera, autokritika egin eta hurrengo egunean lanera.

Mugimendua fisikoarekin lotuta doa, ikasi egiten da?

Kontu fisikoa bada, dudarik gabe, baina azkenean lana egin dudalako heldu da, sinistu egin dudalako eta horren atzetik badagoelako aditu bat esan didana horrela egiteko. Lantalde polita daukat, gustura nago eta ikusten da frontoian, dena aldatu da.

Enpresatik aparte ere bazabiltza norbaitekin lanean?

Bai, azkenean alde fisikoan nire aldetik nabil; tarteka joaten naiz Tolosako taldera Lillorekin-eta, baina beste lanketa bat ere egin beharra daukat ikusita zein den nire ahulgunea.

Lasaiago bezala zaudela diozu, baina hasi eta berehala, lehen finalaren atarian eta beterano bat ematen zenuen; presioa handitu zen txapelekin?

Dudarik gabe, askoz presio handiagoa nabaritzen da eta hori eramaten ere ikasi egin behar da. Azkenean, debutariak direnek beren maila ematen dute eta handik urtebetera edo bira jaitsiera hori izaten dute. Niri hala gertatu zait, azkenean presioa dago, irabazi duguna ere ez da makala eta horri buelta eman behar zaio. Orain, beste aldea ikusi dudala, ea presioa kendu dugun; ahal den mailarik onena eman behar da beti.

Hala ere, txapelketa honetan faborito garbiak izan zarete hasieratik?

Bai, eta harritzekoa da Lau eta Erdian eman nuen maila ikusita faborito izatea. Egia da Joserekin jokatzen dudala, baina jendeak ere sinisten zuen seinale. Txapelketa ona egiten aritu gara, baina guk irabazi dugu finalean egotea, ez prentsak. Esan nahi dut jokatu behar izaten dela, finalerdietan ere, nahiz eta faboritoak izan, erakutsi egin behar izaten da kantxan eta horregatik gaude finalean.

Oraingo Zabaletarekin aritzea luxu bat izango da...

Bai, bai, dudarik gabe. Azkenean ikusi da bi atzelari onenak heldu direla finalera, erregularrenak, kolperik handiena dutenak eta hori ez da kasualitatea. Egia da gustura nagoela nire lanarekin, baina jakitun naiz Joserekin aritu naizela, luxu bat da berarekin jokatzea; nola ematen dion, nola kubritzen duen txokoa... Ea berak zer esaten duen.

Partidetatik kanpo asko hitz egin duzue elkarrekin?

Bai, askotan. Nik bastante gehitxoago hitz egiten dut berak baino, baina horretaz gain, ez da partidetan bakarrik hitz egin behar, antolatu egin behar izaten da astea; bakoitzak fisikoa noiz egin nahi duen, noiz pilotan, eskuetatik zer moduz dagoen… Azkenean konfiantza bat egon behar da bikotearen artean eta hori lortu egin behar da.

Zertan harritu zaitu gehien Jose Javierrek?

Bere patxadak. Azkenean, partida txar bat egin eta gero ere bere patxada dauka, hurrengo egunean hitz egiten dizu, bere iritzia ematen dizu eta hori azkenean eskertzen dudan zerbait da. Harritu egin nau, kantxan ez du hori ematen. Erabat langilea da, egunero entrenatzen da, beti esaten dit zer egiten duen, zer sentsazio dauzkan eta hori garrantzitsua da.

Eta finaleko aurkariak nola ikusi dituzu?

Agian, beherakada txiki bat izan zuten, baina azken partida horretan erakutsi zuten nola dauden. Poztu naiz Beñatengatik batez ere, azkenean kritika asko jaso ditu; ez dagoela bere unerik onenean, ez dagoela txisparekin bat eta beste. Donostian demostratu zuen nola dagoen; pilota izanez gero eman egiten diola ikaragarri. Eta Danelez zer esan, Aspera heldu zenetik gorakada handia izan du. Partida konpletoa egin zuten oso biek, apenas galdu gabe eta tanto asko eginez. Zerbaitegatik izan ziren aurrenekoak ligaxkan eta zerbaitegatik heldu dira finalera. Azkenean, hemen ez dago ezer errazik.