INFO

Exabier Arrieta, Edesako langileen bozeramailea izandakoa, EH Bilduren alkategaia Basaurin

Prozesu parte hartzaile baten bidez osatu du Basauriko EH Bilduk maiatzaren 26ko hauteskundeetan Exabier Arrieta hautagaia lagunduko duen taldea. Bego Larrea, Javier Valle, Bea Agirre, Iratze Elexpe eta Jon Bizkarguenaga izango dira zerrendako lehen postuetan.

Basauriko EH Bilduko zerrenda osatuko duten pertsonak.

Martxoaren 22, 23, eta 24an egindako bozketarekin bukatu zen Basauriko EH Bildu ordezkatuko duten pertsonak hautatzeko martxan jarritako prozesu parte hartzailea.

Alkategaia Exabier Arrieta izango da, Edesako lantegia ez ixteko mobilizazioetan langileen bozeramailea izan zena. Zerrendaren bigarren postuan Bego Larrea joango da, mugimendu feministan ezaguna eta euskal kulturaren zabalkundearen egunerokotasunean inplikazio handiz diharduena. Bere atzetik Javier Valle azaltzen da hirugarren tokian, egun urbanismoaren gaian aritu izan den zinegotzia, Udalaren ezagutza handia duena.

Zerrendan laugarrena Arizko auzotarra den Bea Agirre da, Bilboko udaletxeko langilea eta bertako langileen ordezkaria dena. Iratze Elexpe kareagatarra da zerrendan bosgarrena. Legegintzaldi bukaera zinegotzi izanda bukatu du Iratzek, koalizioaren ekintza sozialeko alorreko ardurak bereganatuz. Seigarren postuan Jon Bizkarguenaga basauriar gaztea agertzen da, egungo legegintzaldi hasieran zinegotzi izandakoa.

Era askotariko pertsonez osatutako «talde plurala» dela adierazi du EH Bilduk, «herrian jazotzen diren aldarrikapen ezberdinen adierazle eta erreferente direnak, besteak beste, feminista, pentsionista edo auzo elkarteetako mugimenduetako kideekin osatutakoa».

Aldi berean, «esperientzia eta freskotasuna» uztartzen duen taldea dela nabarmendu du koalizio soberanistak, «prestakuntza maila oneko pertsonez osatutakoa, lanerako gaitasun frogatua duena eta Basauri zein basauriarren bizitzak hobetzeko erabat gogotsu dagoena».