INFO

Altamirako neguko aterpetxearen itxiera salatu du EH Bilduk

EH Bilduk agerraldia egin du Altamirako eskola zaharrean kokatzen den aterpetxearen itxiera salatu eta Bilboko Udal Gobernuari baliabide gehiago eskatuz «inor baztertua geratu ez dadin».

Goirizelaia eta Ibaibarriaga joan den astean egindako agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Jone Goirizelaia Bilboko alkategaiak, Aitziber Ibaibarriaga bozeramaileak eta Alba Fatuarte zinegotziak agerraldia egin dute Altamiran, ia ehun pertsonentzat ostatua ematen duten neguko aterpetxeen itxiera salatzeko.

Azaldu dutenez, Udal Gobernuak «ez ditu bere politikak Bilboko kaleetan lo egitera behartuta dauden pertsonen errealitate aldakorrera egokitu, hauen kopuruak gora egiten duen bitartean».

Alba Fatuarte zinegotziak gogoratu duenez, neguko aterpetxeen itxierari bestelako kasu gehiago gaineratu behar zaizkio, mantenu lanak direla eta Uribitarteko GHEUZ-aren epe baterako itxiera. Fatuartek iaz gertatu zen bezala, hurrengo hilabeteetan Bilbora heltzen diren baliabiderik gabeko pertsona migranteen hazkundea gerta daitekeela aipatu du.

«Etxerik gabeko pertsonen errealitatea aldakorra da, profil eta errealitate berriak agertu dira, eta etxerik ez dutenen kopuruak gora egin du nabarmen azkenaldian», esan du Fatuartek.

Gaineratu duenez, «egoera honen aurrean, Udal Gobernuak ez du inolako aldaketarik edo konponbiderik eskaintzen, ez ditu baliabideak handitzen. Eta egin dutenean, inprobisazioaren ondorio izan da, edota EH Bilduk eskatuta, Uribitarteko GHEUZeko neguko aterpetxeko plazak urte osora luzatzea erabaki zuen kasuan, esate baterako».

Bilboko EH Bilduren alkategaiak, Jone Goirizelaiak, hitza hartu du ere horrelako gertaerak  kritikatzeko. «Honek argi uzten du lehen eta bigarren mailako Gizarte Zerbitzuak ditugula Bilbon, eta hortaz, Udal Gobernu honentzat lehen eta bigarren mailako pertsonak daudela hirian».

«EH Bilduk argi dauka babesgabetasun egoera larrian dauden pertsonak direla zerbitzu egokienak jaso behar dituztenak. Baina Udal Gobernu honek ez ditu pertsonak eta haien beharrak lehenesten», salatu du Goirizelaiak.

Ildo horretan, Udalak erabilitako argudioak kritikatu ditu ironia erabilita: «kasu honetan, aitzaki peregrinoak direla esango nuke, Donejakue bidea egiten ari diren erromesei tokia egin behar diotela izan delako Gobernuaren aitzakia».

Goirizelaiak argi utzi duenez «Udalaren lehentasun nagusia Bilbon babesgabetasun egoeran dauden eta etxebizitza gabe dauden pertsonak izan behar dira. Inor baztertuko ez duen Bilbo bat eraiki nahi dugu».

EH Bilduk azalpenak emateko eskatu dio Udal Gobernuari egoeraren inguruan.