Biharamun gozoa txapeldunentzat
Igandeko ospakizunak dezente luzatu ziren arren, Elezkano II.a eta Rezusta pozik eta harro agertu ziren atzo Eibarren, irabazitako txapelak erakusteko.
Binakako Txapelketan lortutako garaipen aparta batera ospatu zuten igande arratsean Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak Diman, senide eta lagunekin afaria eginda. Ospakizunak luze jo omen zuen, baina zintzo-zintzo agertu ziren biak atzo Eibarko Astelena pilotalekuan komunikabideekin jarritako hitzordura. Irabazitako txapelak harro erakusteaz gain, finalaren analisia egiteko baliatu zuten aukera, ia 24 ordu igaro izanak ematen duen patxadarekin, baita egindako txapelketa bikainarenarekin ere.
«Nik uste beti aurretik joan izana oso garrantzitsua izan zela. Markagailuan atzetik joatea gogorra egiten da, buruak lan handia egiten du horrelakoetan, eta horregatik guretzat gakoetako bat izan zen hori, harrapatu gintuzten baina markagailuan pasa behin ere ez», adierazi zuen Beñat Rezustak.
Danel Elezkanok, bere aldetik, azken urte luzean erakutsi duen maila nabarmendu zuen. «Niretzat sekulako urtea izaten ari da. Zorionez, lesioek errespetatu egin naute denbora honetan eta konfiantza handiarekin jokatzen dut. Ea horrela segitzerik dudan etorkizunean ere». Hori bai, argi utzi nahi izan zuen berriz ere emaitza onak «lanaren» eta esfortzuaren» saria direla.
Lorpenak, irabazten duen lehen txapel handiak, beste sari mota batzuk ere ekarri dizkio berarekin Elezkanori, datorren igandean, esaterako, ohorezko sakea egingo baitu Athletic eta Rayoren arteko partidan.
Biak, gaur Bilbon
Elezkano eta Rezusta dira gaur Bilbon egingo den Buruz Buruko Txapelketaren aurkezpen ekitaldian egongo diren pilotarietatik bi. Ez dute denbora asko izango txipa aldatu eta buruz buruko lehia prestatzeko, baina txapela lortuta hori ere askoz eramangarriagoa izango da.
Ekitaldia 10.30ean hasiko da eta Guggenheim museoan egingo da. Mota honetako aurkezpen bat bertan egiten den lehen aldia izango da.