Aberri Eguna dela eta, aliantza sindikal abertzalearen beharra nabarmendu du ELAk
Aberri Egunaren dokumentuaren aurkezpenean, ELAk bere «hausnarketa politikoa berritu eta Euskal Herri burujabe eta librearen proiektuarekiko atxikimendua berresten» duela ziurtatu du. Aliantza sindikal abertzale egonkorraren beharra nabarmendu du.
«ELArentzat pozgarria da hainbat mobilizazio sozialek izan duten arrakasta», adierazi du sindikatuak, martxoaren 8ko greba feminista eta sektore feminizitatuetan indarrean dauden hamaika borroka gogoratuz. Baina, era berean, aliantza sindikal abertzale egonkor baten falta sumatzen duela nabarmendu nahi izan du.
«Aliantza sindikal abertzale egonkorrik ez dagoenez, lan munduak askapen nazional, sozial, kultural eta linguistikoaren aldeko borrokan egin dezakeen ekarpena murritzagoa da», azaldu du. Horregatik, aliantzen inguruko eztabaida hiru oinarrien gainean kokatzen du: mugimendu sindikalaren autonomiak ezker guztia indartzen duela, aliantzak aliatu guztiak indartzen dituela eta «egungo fase neoliberalean» ekintza sindikalak greba-kutxa moduko interbentzio tresnak behar dituela.
Azken urtean, hitzarmen estatalen gorakada eman dela-eta, Lakuaren jarrera kritikatu du eta honen aurrean oinarrizko arloetan soberania lortu nahi duten beste mugimendu eta antolakundeekiko aliantza oso aukera ona ikusten dute «balio solidario, demokratiko, feminista eta ekologistek taxututako identita nazionala sustatzeko».
Eskuin-muturraren gorakada eta autogobernua
Bestalde, agenda nazionalaren inboluzioan ere jarri du begia ELAk. Honen ustez, «gure sindikatuak ezinbestean begiratu behar du Madrilen independentismo katalanaren aurka irekita dagoen auzia».
Europan eta Estatu espainolean eskuin muturrak eman duen gorakadarekin ere kezkatuta agertu da baina hori ez omen da kezka bakarra, «betiko ezker eta eskuinak gorakada horretaz baliatzen baitira beste defizit demokratiko askoren aurrean ezikusiarena egiteko».
Autogobernuaren borroka indartzea, biktima guztien onarpenaren alde eta espetxe-politika bortitzaren aurkako diskurtsoa azaleratu du. «Ezin da onartu homologazio demokratikoa ematea PP eta PSOEri, oraindik tematuta baitaude iraganean izandako urraketa oso larriak ukatzen, edo egongo urraketak legitimatzen –esaterako, euskal presoei aplikatzen zaien espetxe politika–».