Aberri Egunaren atarian, Estebanek botoa eskatu du «autogobernua handitzeko»
Hauteskunde giroan ospatuko den Aberri Eguneko kartela aurkeztearekin batera, Aitor Esteban EAJren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak botoa eskatu du «herria egiten jarraitzeko».
«Herria egiten jarraitu nahi badugu, autogobernua handitzea nahi badugu, herri eta herrialde ezberdin sentitzen bagara» datorren apirilaren 28an bozkatzera deitu du Aitor Esteban EAJren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak.
Mireia Zarate EBBko idazkariak eta biek igande honetan ospatuko den Aberri Eguneko jeltzaleen kartela aurkeztu dute. Egun berezia izanen dela iragarri dute, hauteskundeen testuinguruagatik, baita egoera politikoagatik ere. «Alderdi batzuk berzentralizazioaren aldeko iragarpen lotsagabeak egiten ari dira eta arriskuan jar dezakete gure autogobernua», ohartarazi du Estebanek.
Atzera egiteko arriskua «argia» da berarentzat: «Askok pentsa dezakete nola desagertuko diren eskumenak edo Kontzertua. Baina gerta daiteke». Horregatik, herritarrak deitu ditu horren kontzientzia hartzera eta hauteskundeetan autogobernuaren alde pauso bat ematera.
Legearen eta demokraziaren artean
Politika «inposizio gisa» ulertzen dutenen aurrean, jeltzaleek «besteen sentimenduak erabat errespetatzen» dituztela adierazi du. «Euskalduntzat dugu gure burua, nazio bat garela uste dugu», baieztatu du.
«Benetako abertzaletasunak, egiazko zentzu nazionalak, pertsona bakoitzak sentitzen duena errespetatzetik hasi behar du. Horrek ezberdintzen du batzuen nazionalismoa guretik», azpimarratu du.
«Subiranotasun partekatuen mundu gero eta konplexuago honetan» elkarrizketaren bidez soluzioak bilatzeko deia egin du urteotan Madrilgo Kongresuan EAJren taldeburu izan denak. «Legaltasunaren printzipioa onartzen dugu, baina printzipio demokratikoa ere bai. Biek elkartu eta oreka bilatu beharra dago», defendatu du, «bestea ukatzea ez baita ezer konpontzea».