INFO

«Udal kudeaketa tamalgarria» salatzeko mobilizazioa eginen dute larunbatean Donostian

«Udal kudeaketa eredu tamalgarria izan den eta honek hiriarekiko marrazten duen etorkizuna salatzea» du xede larunbat honetarako, maiatzak 4, Donostia Defendatuz ekimenak deitutako martxak, «hiriko indar politiko guztiek herritarron desadostasun zabalaren berri izan dezaten maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira». 17:30ean abiatuko da mobilizazioa, Easo plazatik.

Donostia Defendatuz ekimeneko ordezkariak, gaurko agerraldian. (Jon URBE/FOKU)

«Azken urteotan Donostia enpresa handi eta estamentu poitikoetan influentzia duten hainbat botereri obeditzen dieten isileko politiken xede ari da izaten, gaur egun ezagutzen dugun hiria zeharo ezberdina izango den bestera bilakatzera bideraturik daudenak», salatu du Donostia Defendatuz ekimenak, gipuzkoar hiriburuan egin duen agerraldian.

Jakinarazi dutenez, azken legealdian 33 hotel lizentzia baimendu dira, lehen legez kanpokoak ziren milaka pisu turistiko legalizatu dituen araua onartu da eta babesgabeturik zeuden 22 eraikin berezi bota dira «proiektu espekultatiboetarako». «Turismo globalizatu baten harrera bilatzen duen hiri baten transformazioa, auzo eta toki publikoen jentrifikazio eta turistifikazio saihetsezina ekarriko du; identitate, giza eta sozial ondare galera, kultura eta folklorearen fetitxizazioa», ohartarazi dute.

Era berean, honek bertako gazteei Donostian etxebizitza erostea eragozten diela azpimarratu dute. «Hiriaren bihotzaren hustutzea dugu ondorio, espekulatzaileen eskura». Norabide berean kokatu dituzte metroa edo Añorgan azalera handiko saltoki parke bat. «Udalak ez du egiten zirkinik diru trukea jokoan duen enpresa handien aurrean; bitartean milaka euroko isuna ezartzen die etxean tabike bat botatzen duten hiritarrei».

Azken lau urteotan herri partzaidetzarik ez dela egon salatu dute. «Gure hiria oso hiri eredu ezberdin batera bultzatzen duten erabaki handiak hiritargoaren bizakarrera eta isileko mantupean ari dira hartzen, instituzioetan beraien iraupena arriskuan jarriko lukeen kostu politikoetatik ihesean, nondik interes ekonomiko handiak duten botere eta enpresei dudarik gabe mesede egiten zaien», azpimarratu dute.

Honen aurrean, «parte hartzea, gardentasuna, giza eskubidea eta legalitatea ardatz dituen donostiarrengandik eta donostiarrentzako eraiki beharreko hiri eredu baten defentsan», mobilizazioa deitu dute larunbaterako, «Donostia en venta / Hiria salgai» lelopean.