INFO

Burgi Almadia Egunaren ospakizunetan murgildu da

Burgi festa giroan da basoan ateratako egurra ibaian zehar garraiatzen zuten haiek gogoan. Ekitaldi ugari antolatu dira urtero legez.

Almadia jaitsiera, beti bezain ikusgarria. (NAIZ)

Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoa bailaretako kultur ondarea erakusten duen eguna da gaurkoa, ekitaldiz betetakoa. Unerik hunkigarriena eta ikusgarriena Burgiko presan almadiek jauzi egiten dutenekoa da eta milaka ikusleren arreta bereganatzen du. Antolatzaileak pozarren daude gainera, gizon eta emakume gaztez osatutako taldea gehitu baitzaio gaurko jaitsierari.

Iaz, lehen aldiz, bi emakumek parte hartu zuten jaitsieran. Ez hori bakarrik, almadiak egiten eta maneiatzen ere ikasi zuten. Aurten errepikatu egin dute esperientzia eta kide berriak gehitu zaizkie taldeari, belaunaldi berrien erreleboa ziurtatuz.

Serafin Zubiri kantariak eta Tolosako boluntario taldeak Urrezko Almadia saria jasoko dute. Zubirik Aconcagua mendia igo zueneko 25. urteurrena ospatuko du gaur almadia batean jaitsita. Tolosak boluntario taldeak ere izango du protagonismorik gaur, Almadia Egunean, besteak beste, hainbat urtez egin duen lana eskertuz.

Almadien idatzizko lehen dokumentuak XIV. mendekoak dira. Eta garaiko zenbakiak ez dira txantxetakoak, 1764 eta 1774 urteen bitartean 50.000 enbor baino gehiago atera baitziren Erronkaritik.

Almadia galduz joan zen Nafar Pirinioan XX. mendearen erdi aldera. Erronkari izan zen lanbidea desagertu zen azken tokia. Errepide berriek eta lehen kamioiek garraio bide berriak ekarri zituzten. Esako urtegiaren eraikuntzarekin behin betiko desagerpena etorri zen.