Irribarriak ikusgarri jokatuz kanporatu du egungo txapelduna
Aramako aurrelariak sekulako erakustaldia eman du, bere kolpe ikaragarriari zukua atera dio eta Jokin Altuna 18-22 menderatu du Donostiako Atano III.a pilotalekuan.
Askotan esan ohi da buruz burukoa dela pilota partida on bat ikusteko jokamolderik zailena. Baina era berean, horixe da neurketa on bat ateratzen denean jokaldi eta tanto ikusgarrienak uzten dituena. Zortekoak, beraz, ostiral gauean Altuna III.a eta Irribarriaren artekoa ikusteko Atanoko harmailak ia erabat bete dituzten ikusleak.
Iker Irribarriak sekulako erakustaldia eman du, batez ere sekulako kolpea erakutsiz, eta une askotan 2016an zale guztiak aho zabalik utzi zituen pilotari apurtzaile hura ekarri du gogora. Baina jo bakarrik ez, aurrean ere bere aukerak ongi baliatu ditu eta 19 tanto egin ditu guztira, 17 jokoan -azkar esaten da- eta beste bi sakez.
Jokin Altunak ere ez du gaizki jokatu, ezta gutxiago ere. Sakearekin asko asmatuz markagailuan 5-1 eta 16-12 aurretik ibili da. Baina defentsan lan asko egitea tokatu zaio, frontisetik oso urrun gehienetan, eta azken txanpan esfortzu horiek denak garesti ordaindu ditu.
Unerik zailenean ere bai
Dejada bikain batekin eman dio hasiera partidari Irribarriak, aurreko kanporaketan izandako urduritasun denak ahazteko asmoz edo, baina bigarrena txapa azpira joan zaio eta Altunak bikain baliatu du aukera jokaldi oso azkarren bitartez 5-1 aurreratzeko.
Irribarria, ordea, jokatzeko zegoen, eta bere kolpea inposatu du lehen tantoetatik. 5-4koa izan da jendea txundituta utzi duen lehena, hiru edo lau pilotakada basati jo eta txokoan dejada bikainarekin amaitu duena -antzeko tanto asko etorri dira gero-.
Jokoan gehiago zen aramarra, eta markagailuan 5-9 aurreratu da. Baina nahikoa izan da oparitxo bat, oso goian botatako dejada bat, Altunak ormabikoz tantoa egin eta beste takada bat sinatzeko (9-9, apenas 99 pilotakadatan).
Irribarriaren hurrengo bi tantoak ere ikusgarriak izan dira, baina 9-11koaren ostean partida baldintzatu zezakeen tanto bat iritsi da. Irribarriak dena ongi egin du, atzera joz eta aurrean dejada eginez, baina Altunak pilota harrapatu eta zabalean tantoa egitea lortu du. 9-12koa izan litekeena 10-11koa bilakatu da eta orduan iritsi dira Altunaren une onenak eta Irribarriarentzat larrienak.
Amezketakoak denbora gutxian 6-1eko partziala lortu du, tartean hiru tanto sakez eginaz. Eta 16-12koarekin aldapan gora ipini zaio partida Irribarriari. Baina orduan berriz ere aramarraren bertsiorik onena atera da, pilota kupidarik gabe atzeratu duena eta aurrean ere tantoa ederki amaitzen dakiena. Zortzi tanto egin ditu segidan, ia denak ikusgarriak, eta demari buelta emateko gai izan da (16-20).
Altuna saiatu da azken esfortzu bat egiten, baina alfer-alferrik izan da. Egungo txapeldunak agur esan dio lehiaketari 18-22 galduta, eta Iker Irribarriak finalerdietarako txartela ongi merezita eskuratu du. Bere aurkaria Elezkano II.a edo Peio Etxeberria izango da.
Aranguren, erraz Promoziokoan
Jaialdiko lehen partidan Promozio mailako final-laurdenetako neurketa ere jokatu da, eta Aitor Arangurenek oso erraz menderatu du Andoni Ugalde (6-22). Aginagako atzelariak 162 pilotakada eta 38 minutu nahikoa izan ditu Oiartzungo aurrelaria mendean hartzeko. Finalerdietako aurkaria astelehenean ezagutuko du, Dario edo Erasun.