INFO

Desagertzearen erresistentzia

Zazpi urte eta gero argitaratu da Castillo Suarezen azken lana. Poema bilduma baino, poema liburua osatu du ‘Irautera’ deritzan obran, sinbologia naturalista –baina ez bukolikoa– eta sentimenduen erresonantziak hari berean batuz.

Donostiako Parte Zaharrean aurkeztu du Castillo Suarezek bere azken lana. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Dio Castillo Suarezek (Altsasu, 1976) idazle bati pasa dakiokeen gauzarik makurrena dela liburu on bat argitaratu ostean beste kaskarrago bat publikatzea. Beldur horri helduta-edo, zazpi urte behar izan ditu idazle nafarrak ‘Urtebetetze festa’ (Elkar, 2012) hartatik berriro literatur plazara itzultzeko. «Denbora horretan idatzi dudanak ez zeukan nahikoa mailarik, horregatik ez dut ezer argitaratu orain arte», aipatu du Suarezek berak.

‘Irautera’ (Elkar’) du bere azken obra, «konforme» ei dago egindakoarekin, nahiz Xabier Mendiguren editoreak ausart bozgoratu duen bere ibilbideko lanik onena dela argitaratu berri duen hori.

Lau ataletan hamabosna poema bildu ditu liburu berrian. «Bi hilabetetan idatzi dut», nahiz lehenagotik datorkion poemotara eratorri den literatur prestaketa lana. Nolanahi izan, formulazio matematikoa da liburuaren antolaketa eskema. «Bi hilabete, hirurogei poema, bi poema egun bakoitzean». Atal bakoitzaren atarian aipu bana, liburu honetan bidean lagun izan dituen poesia idazleei erreferentzia egiten dietenak –«garrantzia handia izan dute emakume idazle galegoek, inguruarekin duten harreman zintzoagatik»–, kronologiari eutsi eta arnas-leku bat eskainiz irakurleari. «Jartzen dizkiote arrainari erdian lau limoi zati ez dakidanak oso ongi zertarako diren, ba honetxekin gauza berbera gertatzen da», jarraitu du bromatan.

Izan ere ironia bada bai honetan eta baita Suarezen beste sorkuntzetan ere gailentzen den ezaugarrietako bat. «Ironia seduzitzeko arma da. Eroso nagoenean erabiltzen dut, eta idazten gustora nagoenean, ironia darabilt. Nire izaerarekin bat doa».

Liburu honetan ere erreskatatu ditu Jose Luis Otamendiren ‘Lur bat zure minari’ (Susa, 1995) eta Jon Gerediagaren ‘Argia, Lurra, Zuhaitza, Zerua’ (Pamiela, 2015).

Paisaia sentimentala

Suarezek bere paisaia sentimentala bere inguruan kokatu du ‘Irautera’ lanean. Basoak, landareak, zuhaitzak... inguru naturalari atxikitako sinbologia darabil idazle nafarrak dikotomia desberdinei bidea emateko: Beldurra, desira, gupida, sexua... «Galera baten ondotik irauten dutenei buruzko liburu bat da eta landareek haria osatzen dute poemen artean. Badut sentsazioa liburua egin dudala eta ez poema bilduma soil bat», gaineratu du.

Eta ironiaz jarraitu du Mendiguren ituan jarriz. «Hasieran ez zenidan utzi liburuari izenburu hau jartzen, baina denborak arrazoia emango dit. Anbiguoa zela esaten zenidan, eta hala da. Dena da, eta ezer ez», adierazi du.

Tonu arin eta jostalarietatik harago, grabeago ari da ‘Irautera’ lanean Castillo Suarez. «Adin kontua dela uste dut», esan du. Eta Gorka Urbizurekin (Berri Txarrak) izandako elkarrizketa bat ekarri du gogora. «Kantu batzuk ez dutela funtzionatzen esan zidan, beste gisakoak zirela egiten genituen gauzak, baina uste dut horiei esker gaudela orain hemen».

‘Irautera’ oso berea dela jarri du azpimarran, baina horri kontrajarriz hizkuntza soilago baten alde egin du. «Poema basak dira. Bada poema mota bat, ipuinen gisakoa. Irudi asko ditu, baina soildu egin nahi izan dut hizkuntza».

«Tetris moduko bat» gertatu zaiolakoan dago Suarez liburu honen egituraketan, edo iraupenari dagokion azalpenean. Xabier Ganzarainen ‘Zuloa’ azken laneko kontrazaleko esaldi bati egin dio erreferentzia. «Iraganak irautera egiten du. Narrazio bat iraganetik idazten duzunean, presentea hartzen du. Eta poemetan berdina gertatzen da, zeren poemak badirudi beti barrenak husteko idazten direla, eta ez da horrela». «Eta irauteak dakar iratzea –jarraitu du–. Lekura heltzen den lehenengo landarea eta joaten azkena dena. Iratzeak ez dira loratzen, espora bidez birsortzen dira. Oso primitiboak dira».

Gaiari dagokionez, azalpena. «Ez naiz berritzailea izan inoiz gaietan. Behin Igor Estankonak esan zidan arriskutsua dela idazlearentzat rotonda berdinari bueltak ematen egotea. Adierazia ez bada aldatzen, aderazpena aldatu behar da eta hor egin dut ahalegina».

Poema liburu honekin ez da errezitaldirik aurreikusi oraino, baina maiatzaren 24an bere ibilbide literarioari errepasoa emango dio hasierako poemetatik ‘Irautera’n batu dituenetaraino. Berak irakurri eta Garazi Kamiok emango du bere poetikaren azalpena. Koldo Mitxelenan izango da.